Belaunaldi askotako emakume ikertzaileak bardintasunera bidean

Bizkaie! 2023-09-26 08:01   Kulturea

BRTA aliantzeak Emakume Ikerlarien I. Topaketea atondu dau.

BRTA aliantzako emakume ikertzaile seniorrak eta juniorrak batu dituan topaketa honen helburua da emakume ikerlarien ahalduntzea, erreferenteak ikusarazoz, belaunaldien arteko esperientzia trukaketak sustatuz eta bardintasunaren bidean etorkizuneko bide-orria izan leitekenaren oinarria landuz. Rikardo Bueno Zabalo BRTAko zuzendariak edegi dau ekitaldia eta Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari emon deutso jardunaldiari ekiteko aukerea. Tapia Otaegik nabarmendu dau bokazinoa daben personak behar dira eta inspirazino hori landu egin behar da; Euskadin teknologiaren sektorean I+G arloan dabizen profesionalen % 32 baino ez diranean emakumeak. Horrenbestez, emakume ikertzaileak ezinbestekoak zarie Euskadiko zientzia eta teknologiaren alorrean. Gaur pausu bat gehiago emon dogu.

Ikerketa, Zientzia eta Teknologiaren eremuan emakumeek bizi daben errealidadearen inguruko gogoetakaz hasi da saioa. BRTAko zentroetan lanean dabizen hainbat emakume ikertzaile seniorrek eurenn ibilbide profesionalen barri emon dabe bizipen personalak oinarri hartuta.

Jarraian, ikertzaile senior horreek topaketara hurreratu diran ikertzaile juniorrakaz batu dira taldeertan; modu horretan, ikertzaile juniorrei emakumezko erreferenteak eskaini jakez inspirazinotzat. Ibilbide profesionalean topautako traba eta aukerak konpartidu eta gogoeta egin dabe emakumeek zientzia eta teknologiaren alorrean bizi dituen egiturazko gorabeherakaz. Giro lasai eta atseginean egindako belaunaldien arteko hausnarketa horretatik, bardintasunera bidean errealidade horreetan eragiteko tresnak identifikau ditue eta etorkizuneko bide-orria izan daitekenaren oinarria landu dabe.

Garbiñe Manterola Agirrezabalaga BRTAko Transferentzia arduradunak zarratu dau ekitaldia. Agirrezabalagak nabarmendu dauenez, BRTA aliantzeak bardintasunaren eremuan lanean dabilu hasiera-hasieratik. Testuinguru horretan eta bardintasunaren bidean beste urrats bat emoteko asmoz atondu dogu gaur emakume junior eta senior ikertzaileen lehenengo topaketea. Zientzia eta teknologiaren arloan be emakumeek bizi dituen ezbardinkeriez jakitun gara eta egoera hau eraldatzeko gure konpromisoaren isla da gaurkoa. “Emakume ikerlariek beren ibilbide profesionalean topetan dituen egiturazko trabak identifikau eta horreetan esku-hartzeko tresnak sortzea dogu helburu, egungo ikerlari juniorrei etorkizun bardinzale eta justuago bat eskaintzeko asmoz. Hausnarketa honetatik emakumeek aukera bardintasunez jarduteko estrategia eraginkorrak jorratuko ditugu.

BRTA

2019an sortu zan Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzea eta helburua da ikerkuntzan eta teknologian oinarritutako ezagutza transferidutea euskal industriari eta enpresei, beti be lurraldearen ekonomia indartzeko helburuari eutsiz. Lau ikerketa-zentro kooperatibok eta 13 zentro teknologikok osotzen dabe aliantzea: CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu