Usansoloko batzorde kudeatzaile barria izentau dabe

Bizkaie! 2023-09-21 13:45   Pil-pilean

Zortzi Usansolo Herria Elkartekoak dira, EAJ-PNVko bi eta EH Bilduko bat.

Leixuri Arrizabalaga eta Amaia Antxustegi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko 9/2012 Foru Arauan ezarritakoa betez, Usansoloko batzorde kudeatzaile barria izendatzea onartu dau Gobernu Kontseiluan. Batzorde kudeatzailea, etorkizuneko udalaren ernamuina, 11 kidek osatzen dabe (8 persona Usansolo Herria Elkartearen ordezkari gisa, EAJ-PNVren ordezkaritzan bi eta EH Bilduren ordezkari bat), hau da, maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetako emoitzak oinarri hartuta, Hauteskunde Batzorde Zentralak bidalitako ziurtagirian jasotzen dana.

Era bardinean, Usansoloko batzorde kudeatzailea eregitzeko bilkurarako deialdia egin da. Bilera hori urriaren 5an izango da, 18:00etan, Usansoloko Txapelena baserrian. Bertan hautatuko da batzordeburua.

Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen agindua betetzen jarraitzen dau.

Usansoloko inskripzinoari ezetza emoteko errekurtsoa

Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Usansolo Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzea ukatzearen aurkako administrazinoarekiko auzi-errekurtsoa jarri eban irailaren 1ean Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian. Errekurso horretan, gainera, foru-zerbitzu juridikoek kautelazko neurri positiboa hartzeko eskatu eben Usansolo udalerri gisa inskriba eien.

Aldez aurretik, garagarrilean eta Foru Erakundeak eskatuta, bilera egin zan Galdakaoko Udalagaz eta Usansoloko kudeatzaileegaz estrategia juridikoak koordinatzeko; bilerea, erakundeen interes komunean oinarritu zan, hau da, Usansolo Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerri gisa behin betiko eregitzea lortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu