Astegoien honetan hasiko da Teknopolisen 26. denporaldia

Bizkaie! 2023-09-19 08:47   Kulturea

Zapatuan izango da ETB1en, 13:30ean eta domekatan ETB2n, 12:00etan.

Teknopolis zientzia, teknologia eta barrikuntzeari buruzko saioaren 26. denporaldia EHUko Bizkaia Aretoan aurkeztu dabe Amaia Esquisabel Alegría, Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendariak, Gorka García Peral, ETBko Programa eta Arte zuzendariak, Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta saioa babesten dabenn erakundeetako ordezkariak.

Azken urteetako aurkikuntza mediatikoenagaz ekingo deutso 26. denporaldiak: Irulegiko eskua. Aurkikuntzearen garrantziaz jaubetzeko gakoak emongo ditu saioak: testuingurua, protagonisten bizipenak... Zirrarea eta emozinoak. Hain zuzen be, zientzia-gaien trataera zorrotz eta gertukoa ditu helburu Teknopolisek.

Ia mende laureneko esperientzia dau programeak eta heldutasun horren eskutik, gaiak kontzienteki lantzea etorri da; genero-ikuspegia aspaldi txertatua dau, hizkuntzearena zer esanik ez, eta azken denporaldietan klima-larrialdiaren inguruko gizarte-ardurea be barruratu dau Teknopolisek. Elhuyarrek dekalogo bat osotu dau ingurumenari eta klima-larrialdiari buruzko gaietan jarduteko eta saioak be bere egin dau. Edozein dala be lantzen dauen gaia, klima-larrialdiagaz dauen lotura zuzena ala zeharkakoa izan, arduraz jokatzeko konpromisoa dau Teknopolisek.

Irailaren 23an hasiko dan denporaldi barrin be inor gitxi heltzen dan lekuetan izango da telebista-saioa eta eduki interesgarriak eskainiko ditu: Goizuetako erreketan bizi dan uhandre piriniotarra ezagutarazoko deusku, Atapuercako aztarnategia erakutsiko deusku bertatik bertara, biltegi automatiko modernoenen sekretuak bilatuko ditu, euskal kostaldera helduko dan espedizino zientifiko erraldoi baten barri emongo dau, ugalkortasunaren jatsieeraren eta populazinoaren hazkundearen kontraesanetan sartuko da... Holan, astez aste, jakin-mina piztu eta aseko daben 30 minutu eskaini nahi deutse Teknopolisek ikusleei.

Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten be aurkezlea eta zuzendariak, barriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera.

Elhuyarrek produziduten dau Teknopolis zientzia, teknologia eta barrikuntza-saioa. Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera. Hasiera-hasieratik komunidadea eregitea izan dau Elhuyarrek helburu nagusitzat eta Teknopolis saioak berak be hori batzen dau. Euskal Herrian egiten dan zientziaren erakusleihoa izateaz gan, herritarrak hezteko eta ikuspegi kritikoa lantzeko egiten dau lan. Baina, lan hau ez dau Elhuyarrek bakarrik egiten; komunidade oso baten laguntzea be ezin ahaztu: Babesleak, ikerlariak, dibulgatzaileak eta zientzia-edukiak konsumiduten dituen herritarrak.

Era berean, ezinbestekoa da Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diran erakunde guztien laguntzea azpimarratzea be: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibersidadea, Mondragon Unibersidadea, TKNIKA Lanbide Heziketeari aplikautako ikerketa eta barrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu