XXIII. Bizkaiko Ondarearen Jardunaldiak urrian izango dira

Bizkaie! 2023-09-18 13:54   Kulturea

150 kultura-jarduera eskainiko ditue 70 udalerritan.

Ondarea bizirik, patrimonio vivo, patrimonio inmaterial goiburuari eutsiz, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu ditu Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiak Bizkaian, urrian egingo dan kultura programazinoa.

Jarduera gehienak doban izango dira eta Ondarearen Jardunaldien katalogoan zehaztuko dira. Gainera, agendea kontsultau eta erreserbak egin daitekez online, www.ondareabizkaia.eus webgunean.

Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak, Leixuri Arrizabalagak, ehun erakunde baino gehiagotako hainbat ordezkarigaz batera, Ondarearen Europako Jardunaldien XXIII. edizinoa aurkeztu du, Bizkaian oso garrantzitsua eta azken edizinoetan Bizkaiaren izen ona sendotu dauen ekimena.

Helburu nagusia da ohiturei, ahozko adierazpen, uste, jai, sukaldaritza arte, erritu, ogibide, artisautza teknika, jantza, musika eta olgetei lotutako kultura ondarearen balioa azpimarratzea, lurraldearen nortasunaren parte baitira, eta bizirik iraun deien, jagon eta babestu egin behar baitira.

Leixuri Arrizabalaga diputatuak nabarmendu dauenez, jardunaldi honeek aukera parebakoa dira Bizkaiaren ondare kulturalaren parte diran adierazpen kultural ugari eta baliotsuez gozetako, zabaltzeko eta birsortzeko; ospakizuna aukera bikaina da Bizkaiko kultur ondare ez-material aberatsa nabarmentzeko eta jagoteko.

Diputaduak, gainera, atontzaileen lana goraipatu eta ondokoa azaldu dau: Jardunaldiak Bizkaian, Europa mailan erreferente dira eta hori atontzaileen aniztasuna, ugaritasuna eta inplikazinoa programearen ezaugarrietarikoa da. Atontzaileak programearen oinarria dira, eurek asmau eta atontzen dabe programea Aldundiren gidaritzapean.

Jardunaldiak

257 ekitaldiren bitartez 152 proposamen eskainiko dira, edade eta interes guztientzako hainbat jarduera: Berbaldial, barriketaldiak, erakusketak, ogibide tradizionalen erakustaldiak, bisita gidatuak, ibilbideak, antzezpenak, tailerrak eta kontzertuak; laburbatuz, gozeto hainbat eta hainbat jarduera.

Bizkaiko kultura ondareari eusteko, jardunaldion atontzaileak dira, besteak beste, udalak, museoak, turismo bulegoak, interpretazino zentroak, kultura eta gizarte alkarteak, hezkuntza erakundeak eta partikularrak.

Ondare immateriala babesteko Unescoren Legea

Bizkaian be ospatu egingo da Ondare immateriala babesteko Unescoren Legearen 20. urteurrena. Lurraldean, kultura ondarearen parte diren askotariko kultura adierazpenak dagoz eta jardunaldi honeetan, publikoak horreetaz gozetako aukerea izango du.

Legeak komunidadeen nortasunerako ezinbestekoak diran ohitura, uste, teknika eta adierazpenen garrantzia autortu eta ohitura horreek birsortzen eta etorkizuneko belaunaldiei transmitiduten jarraitzeko beharra azpimarratzen dau.

Komunidadea ondare immateriala babesteko ezinbesteko zutabea da

Landa edo uri komunidadea osotzen dabenek ezinbesteko zeregina dabe ondarearen eroaileak eta sortzaileak baitira eta ondareari eustea sustatzen dabe, etorkizuneko belaunaldiei transmitiduten deutse, holan, herrien esentzia eta nortasuna eratzen dauen joanaren, orainaren eta etorkizunaren arteko loturea ezartzeko.

Adibide bat El Pobal da; bertan, Hortzmuga konpainiak eskainitako Peru Abarka klasikoaren antzezpenaz gozau ahalko dabe, herritarren parte-hartzea izango dauen abesbatza obra bat.

Era berean, Etxebarrin Etxebarri bizirik jaia atonduko dabe; bertan, udalerriko alkarte eta taldeek jantzeri, musikeari, aisialdiari eta gizarte mobimentuei lotutako jarduerez osotutako programazinoa sortu dabe.

Atal berezi batean, emakumeek ondare immaterialaren transmisioan daben garrantziaz jardungo dabe hainbat bisita gidatuetan, besteak beste, Santurtzin Sardina saltzaileak ezagutzeko, Emakume ezagunak eta ahaztuak Getxon, Sopelan eta Urdulizen; Ondarroan itsasoari lotutako ogibideak dituen emakumeen bizitzeari buruzko berbaldiak emongo dira eta Zaldibarren, emakumeek nekazaritzan daben zereginari buruzkoak.

Bilbon, bilbainaden testuak feminizetako, Bilbainadita haiek bersino berezian abestuko dabe Daniela Bartolomek, Bilbo Zaharrak eta parte hartu nahi daben guztiek.

Ondare immateriala hazten doan globalizazinoaren aurrean kultura aniztasunari eusteko faktore garrantzitsua izateaz gan, kulturen arteko alkarrizketea errazten dau, beste errealidade batzuen onarpena ahalbidetuz, besteak beste, Txina eta Japoniako Institutuak, Luxun Txinera ikasteko zentroak, atondutako jarduerak horren adibide dira, baita Ukrainia-Euskadi Elkarteak atondutako tailerra eta Mexico Lindo Elkarteak Munduko Ondarea dan Hilen Egunaren jaiaren inguruan sortutako hedapen jardunaldiak be.

Ondare Immaterialaren bost eremuak

Bizkaian egingo diran Ondarearen Europako Jardunaldietan, ondare immateriala osotzen daben bost eremuetako hainbat ekitaldi eskainiko dira: Ahozko Tradizinoak eta Adierazpenak, Ikuskizunen Arteak, Gizarte Erabilerak, Erritualak eta Jaiak, Natureagaz eta Unibersoagaz lotutako Ezagutzak eta Erabilerak, eta Artisautza Teknika Tradizionalak.

Ahozko Tradizinoak eta Adierazpenak

Ahozko tradizinoak gure ondarearen ezinbesteko elementua dira, besteak beste, euskerea eta euskalkiak, esaera zaharrak, ipuinak, abestiak eta asmakizunak. Horregaz lotuta, Getxoko eta Artzentalesko hainbat auzoetako toponimia ezagutarazoko da. Ahozko literatureari jagokonez, berbaldien eta kontzertuen bitartez kopla tradizionalak ezagutuko ditugu. Agus Barandiaranek eta Xabier Amurizak Koplariak Koplari ikuskizuna eskainiko dabe Euskal Herria Museoan eta Maruri Jataben. Euskalkiak Lekeition, lexikoa Galdamesen edo Bermeoko betiko abestiak izango dira beste proposamen batzuk.

Bertsolaritzea be Mungiako hainbat jardueren protagonista izango da, Taket Bertso Eskolearen 25. urteurrenarekin bat etorriz. Bestalde, Bilboko Euskeraren Etxeak antzerkia eta bertsolaritzea oinarri dituan Kea ikuskizuna eskainiko dabe Euskal Idazleen Elkarteagaz batera.

Ikuskizunen Arteak

Jardunaldi hauetan musika, dantza tradizionalak, herri antzerkiak eta jaietako antzezpenak antolatuko dira. Besteak beste, Gordexolan San Kosmeren Erromeria eta Abanto Zierbenan Santa Luziarena. Dantza tradizionalagaz lotutako jarduerak be azpimarratu behar dira, besteak beste, Bakioko Txakolin dantza, Berrizko, Dantzari dantza, Santurtziko Kaskarot edo Lanestosako Arkuen dantza.

Barakaldon dultzainen erakusketara joateko aukerea eta zuzenean ezagutu ahal izango dogu Arkotxako Pasio Bizia (Zaratamo).

Gizarte Erabilerak, Erritualak eta Jaiak

Eremu hori handienetakoa da, askotariko ekitaldiak barne hartzen baititu. Erlijio jaiekin lotutako ospakizunak (Gabonak, Inauteriak, Aste Santua), herrietako jaiak, bizitza eta heriotzagaz lotutako erritualak, jolasak eta kirolak, sukaldaritza tradizinoak eta gizartekoitasun kolektiboko formak, besteak beste. Horien artean daude Amorebieta-Etxanoko Bizkargi Eguna, Abanto Zierbenako Sagardo Eguna eta Orozkoko Gaztaina Eguna.

Herri kirolak egongo dira Getxon, Gamiz-Fikan eta Laukizen, eta Bola jokoak Zeanuriko bola jokoen txapelketaren protagonista izango dira. Busturian iraganeko eta egungo umeen jolasak ezagutaraziko dira tailer praktiko batean eta ikus-entzunezko proiekzino baten laguntzagaz.

Gastronomia oso garrantzitsua da, eta hainbat produktu dastatzeko eta bestelako jarduerak egiteko aukerea egongo da Maruri-Jataben, Otxandion, Abanto Zierbenan, Garain, Izurtzan eta Mañarian. Orozkon eta Urduñan limonada suila egingo da, Urduñan Malba zurizko gozokiak, Negurin Zurikaldaiko pastelak eta Berrizen errezeta sekretuko pontxea prestatuko dabe baita be.

Natura eta unibersoagaz lotutako ezagutzak eta erabilerak

Jardunaldi hauetan, beren lekua izango dabe baita be fauna eta florari, medikuntza tradizionalari eta naturaren antzinako ezagutzari lotutako usteek. Leioan Arboretum ibilbide berdea bisitatuko da, eta Getxon Eguzki loreari buruzko tailer bat antolatuko da. Gainera, Loiuko Natur Zientzien Museoan Munduari bira zuhaitzen bitartez bisita egingo da, eta Zaldibarren sendabelarren propietateak ezagutuko ditugu, eta sorginen prestakuntzei buruzko tailerrak emongo dira baita be. Elorrion, artoaren orriak modu sortzailean erabiltzen ikasiko dogu.

Mitologiari eta usteei buruzko hitzaldiak egingo dira Bilbon eta Mañarian, eta Gorlizen horien inguruko erakusketea atonduko da. Diman, Baltzolara eta Jentilzubira bisita gidatua egiteko aukerea egongo da.

Artisautza teknika tradizionalak

Azkenik, programan falta ezin ziran ondare immaterialaren elementuak dira artisautza, eta bereziki ogibidearen ezagutzea, teknikea, materialak eta prozesuak, eta lehen sektoreko lanak.

Urduñan, adibidez, museoan egingo den bisita gidatuan hiriko ogibide tradizionalak eta artisautza jarduerak ezagutuko ditugu (sastreak, jostunak, ehuleak...). Gainera, zumeagaz eta artileagaz tailerrak egingo dira.

Mallabian, baserrietako tresna tradizionalak erakusketa eta hitzaldi baten hizpide izango dira

Nekazaritza eta arrantza bizitzeko ezinbesteko modua izan dira, eta landako eta itsasoko herritarren jarduerari buruzko hitzaldiak eta bisitak antolatuko dira. Horien artean dagoz, besteak beste, Bermeoko Atzoko eta gaurko arrantza ezagutzen jarduera, Santurtzin dauan Agurtza arrantza ontzi tradizionala, eta Karrantza-Haranako artzain kultura. Azkenik, Nerbioi itsasadarra, bizitza itsasaldien artean erakusketea eta dokumentala eskainiko dira batera Bilboko Itsasmuseumen eta Getxoko Punta Begoñako galerietan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu