Kristonak taldeak The Cavern aretoan joko dau

Bizkaie! 2023-09-18 13:02   Musikea

Liverpool-eko areto mitiko horretan jo eban lehen aldiz The Beatles taldeak.

Kristonak taldeak Liverpool uriko The Cavern areto mitikoan joko dau urriaren 12an. Halanda ze, 2020an pandemiaren kulpaz zapuztutako amesa bizibarrituko dabe.

Hauxe dozue amesak egia bihurtzen diranaren frogea... Udagoienean, geure ikuspegi sendaezin horren iturburura goaz, errora. Hementxe hasi zan guztia, adierazo eben Arratiako boskoteak sare sozialetan, izan be, klub horretan eskaini eban The Beatles taldeak lehen kontzertua, 1961ko zezeilaren 9an. Emonaldi haretako ikusleetako bat, Brian Epstein, berehala bihurtu zan taldearen managerra, lehen kontratu diskografikoa lortuz laukoteari (Paul McCartney, John Lennon, George Harrison eta Pete Best ziran orduko taldekideak; Ringo Starrek 1962an ordezkatu eban Best). Ondorengo guztia musikearen historia da.

Gu izango ote gara ba, tenplu historiko horretan Euskeraz lehen aldiz abestuko dauen taldea? galderea bota dau Kristonak taldeak.

Taldeak oso kontzertu gitxi eskainiko ditu urtea amaitu artean. Oraingoz ondoko datak iragarri ditue:

Irailaren 23an, Itsasun (Lapurdi).

Irailaren 30ean, Dimako Dimetal Jaialdian.

Urriaren 12an, Liverpoolgo The Cavern aretoan hain zuzen be.

Bitartean kantu barriak grabau eta tantaka-tantaka sareratzeko asmoa dau talde bizkaitarrak. Ez hori bakarrik, igazko ohiturari jarraiki, aurten be gabon kanta barri bat atarako dabe abenduan.

Sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu