Primeran, euskerazko eta euskal edukien streaming plataforma barria

Bizkaie! 2023-09-14 08:48   Kulturea

Irailaren 15etik aurrera izango da ikusgai.

Hemen dogu Primeran, euskerazko eta euskal edukien streaming plataforma barria. Irailaren 15etik aurrera, ikusgai izango da mundu zabalean euskerea eta euskal edukiak lau haizetara zabaldu nahi dituan dobako plataforma barria (webgunean, SmartTV ezagunenetan eta Google Play eta iOS gailuetako store-etan
Primeran berbea erabiliz), hain zuzen be, filosofia horregaz jaio da Primeran, euskal edukiak bermatu, zabaldu eta danentzat eskuragarri jarri.

Mundura zabalik dagoan euskal leiho digital barrian ia eduki guztiak euskeraz edo euskal azpidatziakaz dagoz eta 3.000 atal baino gehiago izango dira bertan ikusgai, besteak beste, euskal produkzinoko eta nazinoarteko telesailak, zinea, dokumentalak, kirolak, sukaldaritzea, musikea eta umeentzako edukiak eskainiko dira, baita plataformarako sortutako eduki esklusiboak be.

Kontuak montu, irailaren 28an Itxaso, euskal thriller telesaila estreinauko dabe, Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atinza protagonista dituan euskerazko fikzino barria. Porno Belaunaldia dokumental saila be euskeraz izango da ikusgai aste honetan bertan, telebistan gaztelaniaz estreinau baino astebete lehenago.

Film luzeen eskaintzan izango dira, besteak beste, El vasco, Errementari, Nora eta Bazen behin Euskadin; eta nazinoarteko telesailak be ez dira faltako, euskerazko azpidatziakaz: Crazy fun park, Non zinen?, Derby girl, Bila nazazu Paris...

Ganerakoan, Izaroren Limoiari Eztia izeneko lana, Iribar, atezaina dokumentala eta Ura Bere Bidean; musika ikuskizun handiak dagoze dokumental eta entretenimendu proposamenen artean, baita plataformarako sortutako eduki esklusiboak be.

Kontuak kontu, euskerazko kalidadeko edukiak dituan plataforma digitalik handiena da Primeran, euskal sorkuntzeari eta kulturgintzeari lotutako edukietan interesa daben eragile guztien parte hartzea be izango dau.

Euskadiko Filmategia partner nagusienen artean dago eta Zinemaldian azken urteetan saritutako hainbat pelikulagaz eta TOKIKOM tokiko komunikabideen alkartearen edukiakaz be ekingo deutso ibilbideari plataformeak; edozelan be, euskal eduki, kultura eta produktoreentzako proiektua da eta, beraz, datozen hileotan musika, antzerki edota beste kultur adierazpen eta jaialdi askotako edukiak izango dira katalogoan. Etorkizunean zuzenekoak be aurreikusten dira.

Primeran plataforma barria mundura zabalduko dauen komunikazino kanpaineari lotuta, globo bat jaurti da espaziora eguaztenean, irailaren 13an, Gasteizko Plaza Berritik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu