Punta Begoñako Galeriek eta Itsasmuseum Bilbaok erakusketea atondu dabe

Bizkaie! 2023-09-11 10:01   Kulturea

Urriaren 8ra arte, Nerbioi Itsasadarra. Mareen arteko bizitza ikusteko aukerea dago.


La Ría del Nervión. La vida entre mareas
 izeneko erakusketea bisitau ahal izango da Punta Begoñako Galerietan eta Bilboko Itsasmuseumean. Punta Begoña Fundazinoak, Getxoko Udalaren eskutik, Itsasmuseum Bilbaoren lankidetza estuagaz, Eusko Jaurlaritzearen babesari esker eta ondarearen benetako jagole diran persona eta erakundeen laguntza handiari esker, erakusketa hau atondu dau, memoria bizi hau aldarrikatzeko, indartzeko eta zabaltzeko, gure mugen barruan eta kanpoan.

Erakusketa aitzindari honek Nerbioi Itsasadarreko bizimoduak islatzen dituen argazkiak, dokumentuak, ikus-entzunezkoak eta testigantzak biltzen ditu: lanbideak, zaletasunak, lehiaketak, jaiak, sinismenak, tradizinoak eta bestelakoak, mendeetan zehar gure egunetara askotan heldutakoak. Oro har, norberagazko izakera eta harrotasuna eratzen lagundu daben bizipenak dira. Erakusketearen osogarri, bisita gidatuak egingo dira.

Ignacio Uriarte Punta Begoña Fundazinoko presidenteak azpimarratu dauenez, proiektu honegaz, Punta Begoña Fundazinoaka, gizarte lez batzen gaituen ondarea jagoteko beharrari buruzko ohartarazpena egin nahi dogu, baita transmitidu beharraz be eta, horretarako, jente guztiari eta ikastetxeei zuzendutako bisitakaz osotuko dogu erakusketea. Eta emakumeek eta gizonek bilakaera historikoan eta etorkizunean izadako eta daben zeregina ikusarazoteko beharrari buruz. Horregaitik, erakusketa koral, parte-hartzaile eta edegia diseinau dogu, itsasadarra ingurune gizatiarragoa, bizigarriagoa eta iraunkorragoa izan daiten, Punta Begoña Fundazinoak garapenaren aldeko nazinoarteko helburuakaz dauen konpromisoari jarraituz.

Itsasmuseum Bilboko zuzendari Jon Ruigomezek itsasadarraren nortasuna azpimarratu dau: nortasun propioa dauka, indartsua baina integratzailea, munduari edegia eta erakusketa honetan oso ondo islatzen diran izakera, ohiturak eta erabilerak sortu ditu. Itsasadarrean sartzen da Bilbon bizi dana edo Getxon bizi dana, urian bizi dana edo landa eremuetan bizi dana, eskuinaldean bizi zein ezkerrean bizi dana.

Erakusketea, beraz, itsasadarreko leku estrategiko bietan egongo da: Batetik, Punta Begoñako Galeriek erakusketearen eduki nagusia erakutsiko dabe eta irudi harrigarriak eskainiko ditue, artxibo publiko eta pribatu askotan egindako ikerketa-lan luze baten emoitzea. Era berean, lekukotasunak, pasadizoak eta istorioak be erakutsiko ditue, protagonistakaz eta ondare baliotsu hori babesteko burrukan dabizen persona eta erakundeakaz egindako alkarrizketen bidez.

Dozenaka eragileren, erakunderen, alkarteen, artxiboren (aholkuak eskaini eta bere fondo grafikoa gehitu dituan Getxoko liburutegiaren) eta partikularren arteko lankidetza horrek erakusketa korala, edegia eta parte-hartzailea bihurtzen dau, kultura-ondare bakarra aintzatesteko eta balioesteko oinarriak jarri nahi dituen proiektu baten barruan. Eta itsasadarrean zehar egindako bidaia horren barruan, memoria biziaren mapea osotuz, Punta Begoñak eta Getxok oinarrizko zeregina dabe. Itsasadarreko Abran dauen talaia pribilegiatutik, Punta Begoñak milaka urtez ikusi dau jentearen joan-etorria, urruneko arrantzarako
itsasoratzeak, merkataritzea, emigrazinoa, meatzaritzatik eta industriatik eratorritako nabegazinoa, kirol-lehiaketak, prozesinoak, jaiak edo arerioen erasoen aurrean gure lurraldearen defentsea.

Eta bizimodu horreen konfigurazinoan, Getxo lekuko eta protagonista nagusi be izan da tradizinoetan eta adierazpenetan, lanbideetan eta itsasoari lotutako jaietan, gaurkotasuna izaten jarraitzen daben eta erakusketa honetan islatzen diran irudi eta testigantzen bidez.

Bestalde, Itsasmuseum Bilbaok be (galeriek bezela, Itsasadarraren leku estrategikoa) aldi berean hartuko dau erakusketa. Holan, proiektua Bilboko museoaren egoitzako kanpoko eta barruko espazioetan ikusarazoko da eta irudiaren benetako arkeologia osotzen daben ikus-entzunezko materialak be gehituko dira.

Erakusketako ordutegiei eta bisita gidatuei buruzko informazino gehiago www.puntabegonagetxo.eus eta www.itsasmuseum.eus webguneetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu