Udal Musika Bandeak Azkuna Zentroan emongo deutso hasierea denporaldiari

Bizkaie! 2023-09-07 11:01   Musikea

José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak gidatuta.

Aste Nagusian eskainitako ikuskizun arrakastatsuen ondoren, Bilboko Udal Musika Bandeak haren jarduereari ekingo deutso bihar, barikua, hilak 8, Azkuna Zentroko Kulturen Atarian. Emonaldia, 19:00retan hasiko da eta sarrerea librea izango da. Ikuskizun horregaz, talde bilbotarrak anbizino handiko kontzertu denporaldi barriari ekingo deutso.

Klasikoen Oroitzapenak izenburupean, José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titular eta artistikoak diseinautako bederatzigarren denporaldia izango da eta guztira, hogei kontzertu baino gehiago eskainiko ditue Azkuna Zentroan, Euskalduna Jauregian, Bilboko J.C. de Arriaga Kontserbatorioan, Arriaga Antzokian, Campos Antzokian eta Joan Santuen Eleizan.

Biharko kontzertua, Klasikoen oroitzapenak izenekoa, Muroko maisuak zuzenduko dau. Bertan, 40 musikarik lan klasikoak interpretauko ditue, esaterako, Eric Ballen Resurgam, Philip Wilbyren Paganini Variations, Philip Sparken Symphonic Metamorphosis on themes from Saint-Saëns eta Josep Vicent Egearen Poema Sanjuanero.

Aste bi geroago, agertoki berera itzuliko dira, irailaren 22an hain zuzen be, Aufbruch kontzertuagaz. Oraingoan, Tobias Haussig zuzendari gonbidatuak zuzenduko dau bandea, Bilbao Musikak 2023an atondutako Orkestra Zuzendaritzako VII. Topaketetan kokatutako Nazinoarteko Zuzendaritza Sariaren irabazleak hain zuzen be. Bertan, Richard Wagner, Hubert Hoche, Dirk Mattes, Arnold Schönberg, Johann Sebastian Bach, Johannes Stert eta Rolf Rudin lako autoreen lanak entzun ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu