'Euskal Irudigileak 20 urte' erakusketea Bilbon
2023-09-07 09:34 KultureaIlustrazinoak Euskadin mende honetan izan dauen bilakaerea, mailea eta garrantzia erakusten ditu.
Irailaren 7tik 28ra bitartean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak Euskal Irudigileak 20 urte erakusketea jasoko dau. Erakusketa horrek, 173 lan indibidualen bidez (horreetako ia berrogeta hamar jatorrizkoak), ilustrazinoak Euskadin mende honetan izan dauen bilakaerea, mailea eta garrantzia erakusten ditu.
Bizkaiko Batzar Nagusien, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzea dauen erakusketeak talde horretako kide bakotxaren lan bat batzen dau, azken hamarkada bietan profesional horreek euren lana egin daben arloen begirada orokorra eskainiz.
Sorkuntza lan garrantzitsu hori bultzatzeko, kolektiboko kide ugari eta erakundeko arduradun izandakoez gan, Asier Iturralde gaur egungo jarduneko presidentea, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako burua, Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Aitziber Atorrasagasti Eusko JaurlaritzakoKulturaren Sustapeneko zuzendaria egon dira erakusketearen aurkezpenean. Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak euren erakusketa aretoa laga dau, sarritan euren lana ikusiezin izaten dan artista handi horreen lana erakusteko, gogora ekarri dau Otaduik.
Aurten eta datorren urtean Donostiara, Guadalajarara (Mexiko), Gasteizera eta Iruiñera eroango dan erakusketa ibiltariaren helburuak honeek dira: Ilustratzaileen lana ezagutarazotea; artisten belaunaldientzako topagune izatea; eta sektorearen indarra azpimarratzea, toki, nazino eta nazinoarte-mailan. Erakusketeak, ganera, sektorea osotzen daben ahotsen aniztasuna erakutsi gura dau eta protagonistak anonimotasunetik atara eta euren sorkuntza-lanak egokitzen dabizan sormen eremuak azalduz. Horren bidez, alkarteak bere 20 urteetan izan dituan mugarriak eta sektoreak bizi izandako aldaketa nagusiak azaldu gura dira.
Erakusketea aukera ona da Euskadin dagoan talentua ezagutzeko, izan be, hainbat arrazoi tarteko dirala, ikusleek ez dabe talentu hori ikusteko aukerarik izan. Holan, argitaletxeen munduak interesa biztu eta egileakan arretea jarten dauen bitartean, badagoz lan hori egiten dauenaren lana konsumitzailearen begietatik ezkutauta dagoan ilustrazinoaren beste eremu batzuk. Erakusketa honegaz hutsune hori bete eta sortzaileei izena jarri gura jake. Horregaitik, erakusketa hau osotzen daben elementuetako batzuk Euskal Irudigileak alkarteko kideen autoerretratuakaz harilkatuta dagoz.
Urteurren honetan, alkarteko presidente guztiek kolektiboaren historia gainbegiratzen daben liburua argitaratu da. Eta protagonisten eretxiak ezagutu daitekezan hiru saiotan banatuta podcast-a egin da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!