'Iurretako kofradia. Iraganari etorkizuna ematen' liburua plazan
2023-09-06 13:21 Pil-pileanDokumentazino historikoa batu eta ikertu dabe, azken 50 urteetako lekukoen testigantzak jasoz.
Iurretako kofradien eta Gerediaga Alkartearen lankidetzeak kofradien ibilbide historikoa jaso dauen Iurretako kofradia. Iraganari etorkizuna ematen argitalpena kaleratuko dabe. Horretarako, dokumentazino historikoa batu eta ikertu dabe, azken 50 urteetako lekukoen testigantzak jasoz. Argitalpena prestatzeko ardurea Iurretako Markel Onaindia Txabarrik (testuak eta bideo grabazinoak), Jon Irazabal Agirrek (dokumentazinoa eta artxibo historikoa) eta Eñaut Aiartzaguena Bravok (diseinua eta maketazinoa) izan dabe.
Libururako jasotako lekukotzak bideoan grabau dira eta Markel Onaindiak 25 minutuko ikus-entzunezko laburra produzidu dau kofradien historia laburbatuz. Ikus-entzunezko horren proiekzinoa irailaren 14an, eguenean, izango da. Hiru aurkezpen saio egingo dira 17:00etan, 18:30ean eta 20:00etan. Lekurik ez da erreserbatuko.
Irailak 10, Kofradien Eguna
Kofradien Egunean, Laixiar Zelaiko jaian hain zuzen be, banatuko da Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen liburua (5 euro). Urtero lez, Iurretako sei kofradiak euren jaia ospatuko dabe lagun eta familia giroan.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia, urteroko kofradien kontu-emoteagaz. Ostean, jantzarien saioa eta igel txapelketea egingo dira. Bazkalostean, barriz, umeen jolasak eta erromeria Naiara eta Izarragaz. Goiz eta eguerdiostean, Mikel eta Gorka trikitilariak izango dira giroa alaitzen. Ganera, norberak bere edalontzi berrerabilgarria eroatea gomendatzen dabe, zaborra gitxitzeko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!