Ibilaldiak eta Kopariak euskerearen aldeko hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2023-08-30 08:22   Pil-pilean

Irabazi guztiak euskerearen normalizazinorako bideratzen dira, Euskalgintzaren Konseiluaren bidez.

Getxoko San Nikolas Ikastoleak eta Kopariak euskerearen aldeko hitzarmena sinatu dabe. Hitzarmenaren bidez, 2024. urteko Ibilaldia erropa eta merchandaising produktu ugariz horniduko dau Kopariak. Alkarlan horren helburua da euskerearen lanketearen inguruko ekonomia zirkularra sortzea, euskerearen normalizazinoan eraginez eta euskerearen aurreko ardurea sustatuz.

Koparia Euskalgintzearen Kontseiluak bultzatutako merchandaising eta promozino zerbitzuen enpresea da eta lortutako irabazi guztiak euskerearen normalizazinorako bideratzen dira.

Gauzak holan dirala, San Nikolas ikastoleak, Ibilaldiaren materialaren produkzinoa Kopariaren esku jarrita, euskereari laguntzeko alkarlan estrategiko barritzaile eta jasangarri bati bide emon deutso. Euskerearen normalizazinoari laguntzeaz gan, helburua da Ibilaldiaren produktuak ahalik eta jasangarrienak izatea, baitau materialei eta jatorriari jagokenez be.

"Alkarlan horrek, hartu-emon, bitarteko eta baliabide guztiak euskeraz izatea bermatzeaz gan, jasangarritasunaren eta euskerearen etorkizunaren bultzatzaile be izango da. Etorkizunean, era horretako ekimenak eta alkarlanak bultzatuko dira. Euskerearen alde lanean gabizan eragileok alkarren indarrak batuz, komunidade guztia irabazle izango dala frogatu nahi dogu", adierazo dabe Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Unai Arzubiaga San Nikolas Ikastolako lehendakariak eta Gaizka Arrizabalaga San Nikolas Ikastolako zuzendariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu