ETS, Huntza eta Mikel Urdangarin Finlandian izango dira
2023-08-28 11:08 MusikeaBasking Beat & Bite jaialdiaren hirugarren edizinoa izango da.
Barriro atondu dabe Basking Beat & Bite, euskal musikariei Finlandian zuzenean joteko aukerea emoten deutsen jaialdia. Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez, abuztuaren 30etik irailaren 2ra egingo dabe aurtengo edizinoa, Tampere eta Helsinki urietan eta En Tol Sarmiento, Huntza eta Mikel Urdangarin joango dira. Etxeparegaz batera Basking Food & Culture dago ekimenaren atzean, Musika Bulegoa eta Bizkaiko Foru Aldundia laguntzaile dirala.
Basking Beat & Bite jaialdiaren lehenengo edizinoan Gatibu, Zetak eta Olatz Salvadorrek hartu eben parte; bigarrenean Izaro, Skakeitan eta Bulego taldeek. Ekitaldia, Tamperen hasiko da abuztuaren 31an, Euskal jantza eta gastronomia dastateko aukerea izango dabe eta kontzertuei jagokenez, arratsaldean hasiko dira Tavara-asema aretoan.
Irailaren 1ean, Helsinki uriaren txandea izango da. Programazinoa 'mikrofono ireki' saio bategaz hasiko da, Brasa Terrace aretoan. Irailaren 2an, ordea, Tampereko egitaraua errepetiduko dabe Helsinkin. Goizeko 11:00etan musika eta kulturearen sektoreko lagunek networking hamaiketako saioa egingo dabe Brassa Bar tabernan. Eta 19:00retan ETS, Huntza eta Mikel Urdangarinek euren zuzenekoa eskainiko dabe Lepakkomies tabernan.
Basking Beat & Bite-en jatorria Tamperrada izeneko jaialdi gastronomikoan dago. Mikka Reinikka euskal kulturearen zale finlandiarra bultzatzaile, hamalau urtez egin dabe Tamperen. Pintxoak eta euskal gastronomiaren beste alderdi batzuk erakustea da asmoa, urtero uriko 62 taberna inguruk hartzen dabe parte. Oinarri sendo horretatik hasita dator, beraz, euskal musikea Finlandian zabaltzeko ekimena. Basking Beat & Bite jaialdiaren izena, 'hoskatu euskal errimoa' moduan itzuli daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!