Txistulari Bandea eta konbidadu ugari Plaza Barrian, Aste Nagusia amaitzeko

Bizkaie! 2023-08-23 10:32   Pil-pilean

Domekan, 13:00ean egingo dabe ekitaldia.

Aste Nagusiko egunetan, kalerik kale ibilten dira Bilboko Udal Txistulari Bandakoak, uriko txokoak alaitzen. Jaiei agur esateko, domekan, hilak 27, ekitaldi handia egingo dabela aurreratu dau Udalak eta konbidadu ugari izango ditue txistulariek alboan. Plaza Barrian, Aste Nagusian euskal folklorearen erdigune bihurtzen dan agertokian izango da kontzertua, 13:00ean. Txaber Fernandez zuzendari bilbotarrak gidatuko dau kontzertua.

Euskal Herriko leku askotatik etorritako txistulariek hartuko dabe parte domekako alardean, Bilbokoakaz batera. Horrezaz gan, musikariak eta bestelako artistak be izango dira oholtzan, besteak beste, Miren eta Roberto Etxeberria trikitilariak, Oinkari jantza taldea, Izar Inbuluzketa txistulari nafarra, San Anton Abesbatza eta Bizkaiako Gaiteroak.

Oinkari jantza taldeko kideek, Kepa Junkeraren Huriondo eta Zolloko San Martinak obrak, Alboka musika taldearen Hiru Piztiak ezpata jantzea, Koloreak fandangoa eta Kopla jokoa arin-arina jantzan egingo ditue.

Nabarmentzekoa da, Txistularien Alardea, Bilboko Aste Nagusiko ikuskizun jentetsu eta herrikoienetako bat dala, Bizkaiako Txistularien Alkarteko Bilboko Ordezkaritzeak Arenalean atontzen eban garaitik. 2005etik konbidadu ugarik parte hartu hartu dabe bertan, esaterako, Gorka Sarriegik, Korrontzik, Xabier Solanok eta Alex Sarduik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu