Beñat Rezusta; 'Neure udea herriz herri jokatzen ibiltea da'

Andoni Mugica Lopez 2023-08-21 07:55   Barriketan

Beñat Rezusta Muguruza (Bergara, 1993), pelotari profesionala da, binakako txapelketa nagusiko irabazlea. Atzelari postuan jokatzen dau, Aspe enpreseagaz. 2013an egin eban debuta profesional mailan, Eibarko Astelena pelotalekuan. Ordutik sari ugari irabazi ditu, besteak beste, 2012-13an Euskadiko Txapelduna buruz buru, 2014an Binakako Promozinoko Txapelduna eta 2019 EPELen Binakako Txapelduna.

Iruñeako txapela irabazi ostean eta CaixaBank Masterrean, hilaren 25an, Bilboko Aste Nagusian izango da (Rezusta eta Altuna III, Elordi eta Zabaletaren kontra). Udea partiduz betea euki arren, Bizkaie! aldizkarirako tarte bat atara dau.

1. - Iruñeako eta Donostiako jaien ondoren, Bilboko Aste Nagusian izango zara Peñagaz bikotea osotuz. Gainera, CaixaBank Masterra be jokatuko dozue, 4tik 3 irabazita. Zer moduz doa tenporadea? Gelditu barik?

Nahiko ondo. Udako tenporadan, partidu asko jokatzen. Garagarrilean bederatzi partidu jokatu genduzan eta orain, abuztuan, lehenengo hamabostaldian partidu gehiago izan diran arren nahiko jarraian gabiz jokatzen. Gelditu barik, baina sensazino onegaz.

Iruñeako txapelketean lehenengo partidua galtzen hasi ginan, gainera joko ona erakutsi barik, baina, horren ostean, aurrera egin genduan. Emoitzak alde izan genduzan, semifinaletan sartu eta finalean, geuk irabazi genduan. Duda barik, udez ondo hasteak bestelako konfidantzea emoten dau eta ondorioz, oso gustora gagoz hasiereagaz.

CaixaBank Masterrari jagokonez, ondo gabiz. Lehenengo partidua galtzen hasi ginan (22-18). Horren ostean, hurrengo hiru partiduak irabazi eta azkena falta jaku (Momentuz, lehenengo postuetan dagoz). Peña II.agaz asko jokatu ez arren, orain dala urte bi batera jokatzeko aukerea subertau zan eta nahiko gustora gabiz.

2.- Beraz, oporretarako astirik ez?

Ez, udan tarte gitxi izaten dogu. Agian, asteburu batean urtekera bat egiteko aukerea izaten da baina momentuz ez. Neure kasuan, uda aurretik izan nituan oporrak. Egia da, data ezbardinetan dala, baina izaten ditugu gure oporrak bai. Beraz, neure udea herriz herri jokatzen ibiltea da.

3.- Fisikoari jagokenez, zelanantzeman zara orain arte tenporaldian?

Ondo. Beti be, preokupazino gehien emoten deustana eskua da, ia aguantetan dauan, izan be, partidu asko izaten dira urtean zehar.

Orain arte, nahiko ondo joan da. Partidu barik ditudan egunak errekuperetako erabilten ditut. 

4.- Zein izan da zure momenturik pozgarriena sokatiran?

Ez da erreza bat esatea, baina batzuk beti daukadaz gogoan; profesionaletan  debutau nebanekoa, izan be, lagun mordoa bertaratu ziran animetan eta ez neban espero; Bergara ordezkatzen irabazi genduan txapelketea, izan be, familiakoak egozan taldean; txapela irabazi genduanean...

Momentu asko dira eta bakotxak bere enkantua dauka, hori bai, debuta ez da inioiz ahaztuten.


6.- Frontoi gogokena?

Asko. Baina hiru esango neukez: Donostiko Atano III frontoia, izan be, oso gustora jokatzen dot bertan; Tolosako Beotibar oso elegantea da; eta Eibarko Astelena. Azken hori, Bergaratik gertu dagoanez, bertan entrenetan dot; good ainera, debuta bertan izan zan, beraz, nahiko espeziala da.


7.- Bilboko Aste Nagusian, Altuna III bikoteagaz bat eginez, Elordi eta Zabaletaren kontra jokatuko dozue (hilak 25ean).

Bai, egia esan uda honetan partidu asko gabiz jokatzen euren kontra, bai jaietan bai txapelketetan. Bilboko Aste Nagusikoa, txapelketea izanda,  badauka beste motibazino puntu bat, izan be, partidu hori irabazita finala jokatzeko aukerea dago. Gainera egun polita eta giro aparta egoten da.

Partidu gatxa izango da, izan be, binakako txapelketea eurek irabazi eben eta zeozegaitik izan zan. Zabaletaren kontra uda honetan be, partidu dezente daukaguz, beti be gogorrak, baina gustora eta motibauta nago horreek jokatzeko.

8.- Gero, jaietan geratzeko asmorik?

Egia esan behar badot, urte batean egon nintzan, baina ez ditut asko ezagutzen. Lagunak animau ezkero, beharbda bai, baina ikusi beharko da hurrengo partidua noiz toketan dan ta denporarik dagoan ala ez. Hala ta be, lagunakaz giroa ikusi eta trago bat hartzeko tarte bat subertatzen bada gustora joango nintzan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu