Gastronomia tailer eta lehiaketak, egunero Aste Nagusian

Bizkaie! 2023-08-08 12:51   Pil-pilean

Bilboko Konparsak kolektiboaren arabera, pistoa eta sukalkia izango dira aurtengo nobedadeak.

Erriberako Merkaduan, betiko lez, aurkeztu dabe aurtengo Bilboko Aste Nagusian gastronomiagaz lotuta egongo diran jardueren egitaraua Bilboko Konparsek kolektiboak. Sukaldaritza lehiaketeak dagoeneko 44. edizinoa beteko dau eta, ganera, ume eta gaztetxuentzako tailerrak eta inguruko produktuak sustatzeko ekintzak atonduko ditue.

Hilaren 21etik 27ra egunero Bilboko Arenalean izango dan sukaldaritza lehiaketeari jagokenez, aurten aldaketa bi dagoz, batetik,  bizkaitar erara egiten eben makailaoa kendu eta, haren ordez, sukalkia agertu da, Bizkaiko jai ugaritan ezaguna dan txahalki gisadua, hain zuzen be. Bestetik, %100 jateko begetalari jagokonez, lehiaketan janari jasangarri eta osasungarrienerako eguna izateko konpromisoari eusten deutsee konparsek, baina aurten pistoa kozinetea proponidu dabe, salsa berdean egindako pataten ordez. Hori bai, lehiaketan aurkezteko, ez ahaztu: arrautza barik izan behar da, Bilbon gagozan arren, adierazo dabe bozeroaileek.

Beraz, egunez egun, holan izango da lehiaketea: 21ean, astelehenean, pisto %100 begetala; 22an, martitzenean, patata tortilla; 23an, eguaztenean, txipiroiak tintan; 24an, eguenean, sukalkia; 25ean, barikuan, makailaoa pil-pilean; 26an, zapatuan, marmitakoa eta 27an, domeken, buztana. Azken egunean, sariak banatuko dira, lehiaketa guztietan eskuratutako postuak kontuan hartuz.

Jaietako gisaduak eta tabernetako kazolak buztartzea dabe helburu konparsek, batetik, kuadrileagaz jaietan egiten diran gisaduak eta, bestetik, Euskal Herriko tabernetan hain ohikoak diran plater horreek buztartzea da geure helburuetako bat, azaldu dabe.

Lehiaketaz gan, bestelako jarduera gastronomiko batzuk egongo dira Arenalean Aste Nagusian. Horreek domekan hasiko dira, hilaren 20an, 0 Km-ko barazkiak eta txahalki hanburgesak izango dituan Eusko Label parrillada bategaz. Hurrengo egunetan tailer eta jarduera ugari egingo dira, besteak beste, erlezaintza tailerra, konserba tailerra, euskal ardaoak probetako saioak eta Eusko Labeleko hegaluze parrilladea.

Txikiak be izan ditue gogoan, izan be, Gastrotxiki (txikientzako gastronomia tailerra) egongo da astelehenean, eguaztenean eta barikuan. Gainera, 1.000 ume baino gehiagok ensaladea, askaria kozinetan eta gildak egiten ikasiko dabe.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu