Uriolak gogoan Bilboko Konparsak kolektiboaren egitarauan

Bizkaie! 2023-08-04 13:30   Pil-pilean

Abuztuaren 19an hasita, 500 jarduera baino gehiago egongo dira.

Bilboko Konparsak kolektiboak 2023ko Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dau: 500 ekintza baino gehiago atonduko ditue abuztuaren 19tik 27ra, Jai Batzorde Mistoaren ekitaldiez gan. Gainera, 83ko uriolen osteko alkarlana gogoratzeko ekitaldia eta txupineren abestia izango dira aurten hitzordu nagusiak.

Aurkepenean azaldu dauenez, programazinoan urteroko ezinbesteko hitzorduak izango dira, besteak beste, Lehiaketa Gastronomikoa eta 25 urte beteko dauen Hiri Krosa, baina badagoz beste lehiaketa batzuk be, berbarako, skate eta rap/hip-hop lehiaketak, orain arte atondu izan diran basket, bloodbowl, goitibera, igel-toka, open magic, waterpolo eta xake lehiaketak, mus txapelketea eta piraguen igoerea ahaztu batik.

Horrezaz gan, umeentzako programazino berezia izango da, esaterako, antzerkiak, gastrotxikia, igel-toka zein puzgarriak. Ekintza horreei buruzko informazinoa eta izen-emoteak zabalik dagoz Bilboko Konparsak kolektiboaren webgunean.

Programazino musikalari jagokonez, Kristonak, J Martina, Zirkinik bez, Xiberoots, Tribade, Malakias, Goxua’n Salsa, Las Fellini, eta beste talde askok girotuko dabe Arenala eta inguruak, baita ektrotxarangek, erromeriek eta DJ ezagunek be.

Uriolak gogoan

Palak eta eskoboiak, zirak eta kaiuskak izan dira protagonista Bilboko Konparsak kolektiboaren egitarauaren aurkezpenean, Haizea Larrosa eta Ioritz Varonak aurkeztu dabena konparsakideen laguntzaz, izan be, aurten 40 urte beteko dira uriolak Bilbo hondatu ebenetik. Ondorengo egunetan bilbotarrek, palak, eskoboiak eta katiuskak hartuta, auzoak garbitzeko ahalegin kolektibo erraldoia egin eben eta horren harira, Bilboko Konparsak federazinoak Alkarlan Uholdea kanpainea atondu dau, konparsek izan eben rola eta alkarlanaren balioa nabarmentzeko.

Kanpaineari amaierea emoteko, oroimen ekitaldia atondu dabe abuztuaren 26an, 13:00ean, Plaza Barrian. Hori atxako, tirada laburreko edalontzi berrerabilgarri bereziak atara ditue, uriolen irudiakaz.

Txupineren abesti barria

Xabi Aburruzagak egindako Txupineren abestiaren aurkezpena egingo da Txupineren egunean, Aste Nagusiko eguenean. Txupinera guztiei zuzendurtakoa da baina, batez be, Lurdes Luqueri, konparsen federazinoko lehendakaria izan zanari, izan be, aurten hil da.

Egitarua eta informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu