Zeledonen zain dagoz gasteiztarrak

Bizkaie! 2023-08-04 08:25   Pil-pilean

Andra Mari Zuriaren jaiak, abuztuaren 4tik 9ra.

Gasteizko Udala-k eta kultur eragileek 400 ekitaldi baino gehiagoko egitaraua atondu dabe 2023ko Andra Mari Zuriaren jaietarako. Ohiko moduan, Zeledonen jatsierea eta txupinazoa izango dira jaien hasierako ekitaldiak. Deportivo Alaveseko jokalariak eta taldeko jarraitzaileen ordezkariak arduratuko dira suziria bota eta jaiei hasierea emoteaz, gaur, barikua.

Zeledonen azalean sartuko da barriro Gorka Ortiz de Urbina, dagoeneko hogetabatgarren aldia eta Udal Musika Bandearen, Udal Txistulari Bandearen, Arabako Aldundiko Txistu Bandearen eta FML Pirotekniaren suzirien laguntzea izango dau.

Neska eta blusen eguna zapatua da, baina egunero ibiliko dira taldeotako kideak uriko kaleak alaitzen. Besteak beste, goitiberak, Desolinpiadak eta lehiaketak dakarrez blusek eta neskek aurten.

Bestetik, Txosnagunea gaur, barikua, 21:30ean zabalduko dabe. Sres tendos, Bulego, Malandro eta Xerula izango dira hango oholtzan lehenengo egunean. Hurrengo gauetan be kontzertu jentetsuak egongo dira txosnetan (Skabidean, Akerbeltz Erromeria, Kolpeka...), baita Alkartasun Eguna be, domekan.

Udalaren egitarau ofizialean, bestetik, hemengo eta kanpoko talde ezagunak sartu ditue, uriko hainbat leku girotzeko. Hasteko, gaur, En Tol Sarmiento  iragarri dabe. Hurrengo egunetan uritik pasauko dira Camela, Victor Manuel, Lágrimas de Sangre, Huntza eta beste asko.

Bertsolarien txokoa Matxete plazea izango da eta umorearena, Prado parkea. Ganera, su artifizialen saioetan lau konpainiak hartuko dabe parte.

Irakurri egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu