Milazak entzule erakarri ditu II. Bilbao Blues Festival-ek

Bizkaie! 2023-08-01 09:03   Musikea

Giro bikaina egon dala nabarmendu dau Udalak.

Bigarren aldiz egin dabe Bilbao Blues Festival jaialdia, garagarrileko azken astegoienean, eta Carlos Malles jaialdiaren zuzendariaren arabera, edizino handi batez gozau dogu, asko dibertidu dan publiko bategaz. Esangura horretan, oso garrantzitsua da bizi izandako giro bikaina azpimarratzea.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziaren ustez, jaialdiak gure asmoa beteten dau: udako programazinoa osotuko dauen kalidadezko kultur proiektu barri bat urira ekartea; ikusi dogu gustau egin dala eta herritarrek gozau eta parte hartu dabela. Jaialdi honegaz, gainera, Bluesaren Europako zirkuituan sartu nahi dogu.

Udalak zabaldutako informazinoaren arabera, Arenalean jarritako agertokira hamarnaka mila lagun joan ziran jaialdiko hiru egunetan. Horri batu behar jako kioskoko kontzertuen zikloa eta kalean egondako jentetzea.

Bilbon izan dira The Big Flyers, Vasti Jackson, The Mississippi Trinity, Anthony Paul Soul Orchestra, Indigo Blues, Tia Carroll, Shakura S'Aida, Rick Estrin & The Nightcats, The Original Blues Brothers Band, Koko Jean & The Tonics, The Cinelli Brothers, Ghalia Volt, Bette Smith eta Los Mambo Jambo.

Jarduera paraleloetaz betea

Blues & Roots antzezlan musikala izan zan jaialdiari hasierea emon deutsona, Silvia Marsó eta Del Toro Blues Banden eskutik, nazinoartean ezagunak diran profesionalek osotua: Danny Del Toro (harmonikea eta ahotsa), Sergio Álvarez (gitarra elektrikoa), Javier Rodríguez (baxua) eta Fiz Novoa (bateria).

Horrezaz gan, Guggenheim Bilbao Museoan umeentzako kontzertu pedagogikoak egon ziran, TopARTE programearen barruan, gazteenak liluratuz, eta Arenaleko boogie-woogie klaseek, barriz, adin guztietako personak erakarri eben. Alde Zaharrak Granujas a todo ritmo bandearen kalejira dibertigarria hartu eban, giroa alaituz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu