'Megalitoak' erakusketea 2024ko zezeilaren 4ra arte Bilbon
2023-07-27 09:05 KultureaLehenengo eremu sagraduei buruzko misterioak erakutsiko ditue Arkeologi Museoan.
Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak izeneko erakusketea Arkeologi Museoan egongo da 2024ko zezeilaren 4ra arte. Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako trikuharrietan, zistetan, menhirretan, harrespiletan eta tumuluetan egindako ikerketa arkeologikoetan topautako150 jatorrizko pieza erakutsiko dira. Erakusketea Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoak sustatu eta koordinau dau eta erakusketearen helburua da beste museo batzuetara be eroatea.
Juan Carlos López Quintana, Josean Mujika eta Javier Fernández Eraso historialariak dira komisario eta dokumentazino lanak be egin dituenak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia, Begoña de Ibarra; Iñaki García Camino museoko zuzendaria; Juan Carlos López Quintana, Agiri Arkeologia Elkarteko ikertzailea, Josean Mujika, UPV/EHUko historiaurreko irakaslea eta Jose Miguel Barandiaran katedrearen zuzendaria; eta Javier Fernández Eraso, katedraduna egon dira aurkezpenean.
Erakusketan jatorrizko 150 pieza baino gehiago dagoz eta euren jatorriak dira: Gordailua (Gipuzkoako Material Arkeologiko eta Paleontologikoak Biltzeko Zentroa), BIBAT (Arabako Arkeologia Museoa), Nafarroako Gobernuaren Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atala, Jose Migel Barandiaran Fundazinoa eta Arkeologi Museoa bera.
Megalitoak erakusketea denporaren eta historiaren bidez aparteko bidaia bat egiteko gonbidapena dela nabarmendu dau Begoña de Ibarra Kultura zuzendariak: Megalitoak inguruko herrien erreferenteak izan ziran lez, museo hau Bizkaiko arkeologiaren erreferente be bada, izan be, Bizkaiko ondare arkeologikoa jagon eta gordeten dau. Arkeologi Museoa gure arkeologiaren historiarentzako ezinbesteko babeslekua da, joaneko ezagutzak gorde, ikertu, zabaldu eta nortasun kulturala babestu egiten baita, etorkizuneko belaunaldientzako. Megalitoak antxinatasunaren lekuko isilak diran bezela, museoak Bizkaiko memoria historikoa jagoten dau.
Megalitoak lehenengo adierazpen arkitektonikoak dira eta emakume eta gizon taldeek naturea etxekotzen ikasi eta lehenengo aldiz paisajea eraldatu eben nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiapenen eta lurralde antolamenduaren bitartez. Aire zabaleko egonlekuak, laborantzarako eremuak, abeltzaintzarako lekuak, basoak eta inguru naturalean ezarri zituen monumentu megalitikoak.
Erakusketan V. milurtekoaren azken herenaren eta gure aroaren aurreko I. milurtekoaren amaierearen arteko aldia jorratzen da, garai horretan eregi baitzituen megalitoak. Aldi berean, erakusketeak trikuharrien, menhirren, harrespilen eta tumuluen forma arkitektonikoak erakusten ditu, horreen neurriak azaltzen ditu eta zertarako eregi ziran erakusten dau: lurperatzeko eta errituak egiteko lekuak ziran eta espazioaren okupazinoaren erreferenteak dira, beste batzuen artean.
Erakusketako zenbait pieza nabarmendu daitekez, berbarako, askotariko tipologiako sei hilarri, trikuharri batzuetako ganberetan topautakoak. Gehienak lauza sinpleak dira, dekorau bakoak, salbu eta Guardiako Alto de la Huesera (Araba) trikuharria, lerro ebagidunakaz eta sastakai bategaz eta Mundakako (Bizkaia) Katillotxu V trikuharriko buruaren beste lauza batean Palmela muetako punta bat dago grabauta.
Askotariko material eta neurriko azkora leunduak be ikusi ahalko dira. Horreen artean, nabarmentzekoa da Diman (Bizkaian) topautako eta jatorri alpetarra dauen bat. Bestelako apaingarriak be ikusiko ditugu, besteak beste, hazurrez, boliz, koralez, hatx kristalez edo lignitoz egindakoak eta Larrarte, Trikuaizti (Gipuzkoa), Alto de la Huesera (Araba), Katillotxu, Errekatxuetako Atxa (Bizkaia) eta Obioneta (Nafarroa) trikuharrietakoak diranak eta urrutitik heldutakoak. Horrek esan gura dau, trukeak egiten zituela eta komunikazino bideak ezarrita zituela urrutiko lurraldeakaz.
Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak erakusketan Zorroztari (Idiazabal, Gipuzkoa) eta Alto de la Huesera (Guardia, Alava) trikuharrietako urrezko pieza txiki batzuk be ikusi daitekez; silex eta metalezko armak, besteak beste, Areatzako (Galdames, Bizkaia) mihi sastakaia, Iruzubietako (Markina) eta Santamañazarreko (Zaldibar) aizkorak, edo Iruñeko, Zuñigako (Nafarroa) edo Los Husoseko (Araba) Palmela puntak, Katillotxu Bizkaiko trikuharrian grabau zituenen antzekoak; eta zeramikazko ontziak, besteak beste, kanpai-formako edalontzia edo Sotilloko katilua, oso apainduak eta orain 4.000 urte baino gehiagoko gerra alkartearen arma bildumako parte ziranak.
Gainera, erakusketea osotzeko hiru bideo aurkeztuko dira. Horreetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan dagozan mueta horreetako 1.000 monumentu baino gehiago, klima aldaketen ondorioak eta aldi horretan jazotako paisajearen eraldaketak deskubridu ahal izango ditugu eta XIX. eta XX. mendeetako ikertzaile aitzindarien lana be autortzen da bideoetan.
Jarduera osogarriak
Arkeologi Museoak erakusketearen osogarri askotariko jarduerak eskainiko ditu, doban. Ezinbestekoa izango da aurretiaz izena emotea 944 040 990 telefono zenbakian edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan.
Bisita gidatuak eskainiko dira erakusketearen zehetasunak ezagutzeko urriaren 1etik aurrera. Familientzako tailerrak be eskainiko dira zemendiko domeka guztietan. Jarduerea "Harri erraldoien artean" deitzen da eta helburua da, jarduera ludiko baten bitartez erakusketea bisitetea eta gizakien ekintzaren ondoriozko paisajearen eraldaketeari buruz hausnartzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!