Asun Garikano hizkuntzalari gipuzkoarra, euskaltzain oso izateko hautagai
2023-07-24 07:45Irailaren 29an jakingo da Patxi Goenaga euskaltzain emerituaren lekua idazle eta itzultzaile tolosarrak hartuko dauen ala ez.
Euskaltzaindiaren egoitzan egindako Osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen, Asun Garikano idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlearena. Gogoratu behar da Patxi Goenaga emeritu izatera igaro zala maiatzaren 5ean, 75 urte bete baitzituan egun horretan hizkuntzalari azpeitiarrak eta maiatzaren 26an, Baionan egindako Osoko bilkuran, zabaldu zala hautagaiak aurkezteko epea.
Horretara, Akademiaren arautegiak agintzen dauen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen botoen nagusitasuna lortu ezkero, irailaren 29ko Osoko bilkuran egingo
dan botazinoan jakingo da Patxi Goenagaren lekua Asun Garikanok hartuko dauen al ez.
Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962)
Euskal Filologian lizentziatua. Gasteizko IRALEko irakasle eta EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko liburu bi idatzi ditu: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile lanetan, ingelesetik euskerara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskeratik gaztelaniara, barriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizino-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Era berean, Bernardo Atxagaren euskerazko eta gaztelaniazko obra guztien edizinoaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten martxan jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen dau. Hezkuntza-komunidadeari zuzendutako egitasmo horrek curriculumaren euskal dimensinoagaz lotutako testu hautatuak eskainiko ditu, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntzea, Literaturea eta Gaurko Gizartea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!