'eMcumeak' proiektua hautatu dabe 'Juana Bizkarra' egonaldi artistikoaren 3. edizinoan

Bizkaie! 2023-07-21 07:59   Kulturea

Ikuskizuna irailaren 30ean eta urriaren 1ean antzeztuko da Muxikebarrin.

Juana Bizkarra Egonaldi Artistikoaren hirugarren edizinoko epaimahaiak eMcumeak proiektua hautatu dau ekimenaren 3. edizinoan. Zelako Kultur Ideiak-en euskerazko antzezlan honek euskal emakume sortzaileen errealidadea erakustea dau helburu eta, horretarako, umorea, berba-jokoen erabilerea eta diziplina artistiko ugari erabilten ditue. Proiektua martxan jarteko egonaldia irailaren 4tik urriaren 1era izango da, Muxikebarri zentroan eta hortxe irailaren 30ean eta urriaren 1ean erakutsiko jako publikoari eta, irailaren 29an, jentaurreko probeaa izango da.

Lan horren helburua da euskal emakumeen sorkuntzearen errealidadea eszenatokian jartea eta, aldi berean, kulturearen sektorean indarrean dagoan androzentrismoa agirian ixtea, kritikeari eta eztabaideari ateak edegi eta emakumeek sortutako euskal ondare eszeniko eta kulturala transmitiduten lagunduz. Horretarako, sortzaileek umore absurdua erabili eta diziplina aniztasunaren alde egiten dabe, antzerkia, musikea, bertsoak eta ikus-entzunezkoak buztartzen baitira, berba-jokoak lako baliabideak ahaztu barik. Olatz Beobide arduratzen da zuzendaritza artistikoaz eta María Rivero eta Itxaso Paya aktoreek antzeztuko dabe lana. Era berean, sormen prozesuan, Harkaitz Cano eta Katixa Agirre egileek parte hartu dabe.

Antzezlanak, emakume sortzaileak kontratetako agentzia bat ixtea erabagiten daben emakume biren istorioa kontetan dau, enpresa hori emakumeen sorkuntzearen bultzadaz baino etekin ekonomikoez kezkatuago dago eta. Hori dala eta, protagonistek euren agentzia sortu bai baina lehengo enpresatik jasoten daben jazarpena dala eta emakume ekintzaile biek komunikatu bat zabaltzea erabagi dabe egoerea salatuz eta, aldi berean, sortzaile gehiago topetako casting bat martxan jartea. Beste agentziak ez dau proiektu honegaz amaitzeko saiakerea etengo. Horretarako, era guztietako amarruak erabiliko ditue: detektibe pribatu bat kontratau eta castingean sator bat infiltrauko dabe, ekimena zapuzteko trapu zikinak topetako asmoz.

Deialdiaren hirugarren edizinoa

Hirugarren edizinoko epaimahaian honako honeek ibili dira: Getxoko Kultur Etxeko teknikariek, Matxalen De Pedro aktore eta Dantzertiko (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola) irakasleak eta Olatz Gorrotxategi antzerkigile eta antzerki zuzendariak. Hautatutako proposamenak 10.500 euroko diru-zuzkidurea jasoko dau.

Juana Bizkarra egoitzeak euskal kultura-sektoreari lagundu nahi deutso, bere espazioa, baliabideak eta antzezlanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak produzidu eta muntetako diru-hornidurea eskainiz eta, aldi berean, sorkuntza-prozesua Getxoko herritarrei hurreratu gura deutse, hareen ezagutza, esperientzia eta kulturan daben parte-hartzea hobetzeko. Hori dala eta, obrearen antzezpenaz gan, bitartekaritza-ekimenak be egingo dira, artistak herritarrakaz eta tokiko kolektiboakaz alkartzea sustatzeko, Kultur Etxeak laster iragarriko dauenez.

Antzezlanaren aurrestreinaldia irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da Muxikebarrin, 19:00retan eta irailaren 29an, gainera, proba edegia izango da ordu berean. Saio guztietarako gonbidapenak Muxikebarrin zein Romo Kultur Etxean jaso ahal izango dira irailaren 4tik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu