‘Ciudad (IN)Material. Uri (EZ)Materialak’ goiburuari eutsiz egingo da Open House
2023-07-20 09:42 KultureaVII. Open House urriaren 7an eta 8an.
65 gune baino gehiago edegiko dira Bilbon eta aurten Open House Europe proiektuaren barruan kokatzen da eta 11 uri alkarregaz ibilten dira arkitekturearen gaineko kultur programeari eusten.
Jaialdian, lehenengo bider, beste europar uri batzuetako boluntarioak ibiliko dira, besteak beste, Lisboa, Dublin edo Milanekoak Open uirien arteko trukea eta hartu-emonak sustatuz. Boluntario modura parte hartu nahi daben persona guztiek emon leikie izena www.openhousebilbao.org webgunearen bidez.
Eraikinak bisitetako aukerea eta beste jarduera batzuk be izango dira, besteak beste, Uri Ibilaldi Espezializatuak, ikustaldi bereziak eta autore-ikustaldiak edo itsasontziz egiteko ibilbideak.
Zazpigarren edizinoa izango dau ekitaldi honek eta uriko alderdi ikugarriez eta ikutuezinez egingo dau gogoeta, arkitektura eta urigintzea ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik jasangarri izateaz.
Open House 2023 Jaialdia hainbat galderari erantzuten saiatuko da, besteak beste, zerez dago egina uria, zenbat baliabide konsumiduten ditu eta zer modutan alderdi ikutubako: kultureak, adimen kolektiboak eta arauek eta planek, eraentzen eta moldekatzen dabe gure uria eta gure espazio publikoa.
Jaialdiak –Londresen sortu zan, 1992an– ahalik eta personarik gehienakana eta askotarikoakana heldu gura dau, arkitekturearen arloan espezializau bako publikoa edo sektoreko profesionalak. Horretarako, kultura-programa zabala diseinau da. Programa horren barruan, jarduera nagusia eraikin adierazgarriak bisitetea da, arkitekturea, historia eta kulturea ezagutzeko.
Aurten be, eraikinen katalogoak Bilboko eraikin adierazgarri ugari izango ditu. Ohiko eraikin batzuk bisitetako aukerea izateaz gan (Bilboko udaletxea, Chavarri Jauregia, Arriaga Antzokia...), katalogoak eraikin barrien % 10 baino gehiago izango ditu, bisitariari programa aberatsa, askotarikoa eta erakargarria eskaintzeko. Bizkaia Torrea edo Club Deportivo Bilbaoren egoitzea nabarmentzen dira. Danetara, zazpigarren edizio honetan uri osoan zehar dagozan 65 gune baino gehiago edegitea espero da.
Gune horreetara egiten diran bisitak ehunka boluntarioren inplikazinoari, konpromisoari eta gogo biziari esker egiten dira. Boluntario horreek sarrerak eta bisitea kontroletan ditue. Bisitea 20 minutu inguruko ibilbide gidatu bat da eta 10-25 personako taldetan egiten da, bisitau beharreko espazioaren ezaugarrien arabera.
Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dira. Arkitekturaren zeregina zabaltzea da helburua, ikuspegi estilistiko, tipologiko eta historikoa eta ikuspegi soziala gogoan hartuta, eraikinen barruan bizitako historiak azalduz, horreek baitira, azken batean, uriaren funtsa.
Bisita horiek doban egin ahal izango dira eta segurutik aurretik izena emon beharrik ez dagoan ohiko formatua berreskuratuko da. Kasu jakin batzuetan, aldez aurretik izena emoteko aukerea egongo da edo formatu biak buztartuko dituan formatu mistoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!