Urriaren 6an eta 7an izango da VI. Marabilli Festibala

Bizkaie! 2023-07-18 13:52   Kulturea

Azkena esatea badakigu zer dan Ondarroan, horren atzetik gero azken-azkena etorten baita.

Ondarroa sormenaren erdigune bilakatzen dauen Aitzol Aramaio zinegilearen omenezko Marabilli Festibala urriaren 6an (barikua) eta 7an (zapatua) egingo da Ondarroan. Manuelistek eta Aramaioren etxeko eta lagunek egin dabe aurkezpena gaur, Beikozinin.

Festibalak betiko oinarria izango badau be, Kirmen Uribe idazle eta Manuelisteak esan dau aurten bi egunetara mugatu dabela jaia, atontze lanetan boluntarioak diranentzako be errazagoa izateko festibala aurrera eroatea. Hala eta guztiz be, egun bitan dana batu arren, egitarau bete-betea atondu dabe. Atontzaile taldeko kide dan Begoña Anakabek emon ditu ezagutzera egitarauaren zehetasunak. Azpimarratu dau oraindino be guztiz zarratu barik dagoala egitaraua.

Egitaraua:

Irailaren 29tik urriaren 8ra Yolanda Eizagirreren Marabilli argazki erakusketea egongo da ikusgai.

Urriak 6:

19:30ean. Marabilli Parade.

19:45ean. Pelikula mozketa eta inaugurazioa.

20:00etan. Master Classa. Zine zuzendariak euren sekuentzia kuttunak azaltzen: Fermin Muguruza eta Arantxa Santesteban.

21:30ean. Atsedenaldia.

22:00etan. 10 minutu. Amets Arzallus (bertsolari eta idazlea), Maddalen Arzallus (kazetari, bertsolari eta musikaria), Asier Altuna (zinegilea), Iker Sanchez (orkestra zuzendaria), Irati bilbao (Aranzadiko arkeologo ondarrutarra) eta Ainhoa Moiua (antzezlea eta zeinu interpretea).

23:15ean. III. Marabilli Sormen Saria.

00:00ean. Hasiera jaia: Moonshine Wagon + Malandro + DJ Elepunto.

Urriak 7

11:00etan. Ttek elektrotxarangea.

12:00etan. Zergatik idatzi? Joseba Sarrionandia, Mielanjel Elustondo kazetariagaz barriketaldia. Aurretik, Musika zertzeladak, Musika Eskolako ikasleen eskutik.

12:00etan. Ezinezko futbola Zaldupen. Profesionalak herriko umeen kontra.

12:00etan. Artibai ibaian, Boga ta sixe: arraunlariak, ume eta gazte.

17:30ean. Ttek elektrotxaranga, Portutik Goikozinera.

18:00. Zine galea. 20.000 erle espezie, Esti Urresolagaz.

18:00etatik 19:00retara. Ttek elektrotxarangea, Goikozinatik Zubi Zaharrera.

19:00etan eta 20:00etan. MAdE IN ONdARRU! Nanoantzerkiak herriko gune askotan: Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, Txo! Antzerki kolektiboa eta Ondarroako aktoreak. Musika kalean herriko taldeakaz. Artisau erakusketea be bai egun osoan.

20:30ean. Kontzertuak Musika Plazan: Tapia eta Leturia eta ondoren Emepebost.

22:00etan. Kontzertuak Beikozinin: Viva Belgrado eta Belako.

00:00etan. Gaupasa gaztetxean.

Ekitaldi batzuetarako sarrerak noiz eta non egongo diran salgai aurrerago zehaztuko dabe atontzaileek.

Aurkezpenaren amaieran, Kirmen Uribek zehaztu dau Marabilli gaur egun ezagututako formatuan egiten dan azken aldia izango dala aurtengoa: azkena esatea badakigu zer dan Ondarroan, horren atzetik gero azken-azkena etorten baita, baina tira, joango gara ikusten eta joango gara esaten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu