'Euskal Herria koloretan. Autokromoak, 1907-1935' erakusketea inaugurau dabe Baionan

Bizkaie! 2023-07-17 13:27   Kulturea

Erakusketa 2023ko garagarrilaren 14tik 2024ko urtarrilaren 14ra egongo da ikusgai.



Euskal Herria Koloretan. Autokromoak, 1907-1935 Baionako Euskal eta Historia Museoak eta Bilboko Euskal Museoak sortu eta produzidu dabe, Hauts-de-Seineko departamenduagaz alkarlanean —Albert-Kahn departamenduko museoa— eta koloretako ibilbide ezezaguna proponiduten dau XX. mendeko lehen hamarkadetako Euskal Herrian zehar. Iparraldeko eta Hegoaldeko bilduma publiko eta pribatu askotan identifikautako 1.000 euskal autokromoren baino gehiagoren artetik 225 irudi aurkezten ditu.

Modu industrialean produzidu eta nazinoartean zabaldu zan koloretako lehen argazki-prozedurea da autokromoa. Kolorea hiru koloretako sare baten bidez hartzen dau. Sare hori gorri laranja, berde eta urdin-morez tindautako patata-fekulazko ale mikroskopikoz osotuta dago eta aleak beirazko plaka baten gainean dagoz banatuta. Prozedurearen arrakastea berehalakoa izan zan eta miloeka plaka sortu ziran 1907tik 30eko hamarkadara arte.

Erakusketa honen proposamena 2009an Baionako Euskal eta Historia Museoko bildumetan autokromo sorta bat topau ostean sortu da. Zuri-baltzeko irudiak nagusi ziran sasoian kolorearen presentziak eskaintzen dauen hurrekotasuna ikusita, Jacques Battesti Baionako Euskal Museoko teknikariak ikerketa bati ekin eutson Ziortza San Pedro eta Aloña Intxaurrandieta Bilboko Euskal Museoko teknikariakaz batera. Erakusketea hiru zatitan banatzen da, prozedurearen alderdi teknikoagaz eta Euskal Herrian izandako zabalkundeagaz hasiz eta eremu tradizionala jasoten daben irudien eta XX. mende hasierako aldaketen lekuko diranen arteko ezbardintasunak aurkeztuz.

Identifikautako irudien erdia baino gehiago 1909an Albert Kahn bankariak hasitako munduko atlas bisual bat sortzeko asmo handiko proiektutik datoz: Planetako Artxiboak. 1931. urtera arte, bere operadoreak munduan zehar ibili ziran lurralde bakotxeko elementu adierazgarrienak erakutsiz: paisajea, jarduerak, arkitekturea eta bestelakoak. Auguste Léon, Bordeleko argazkilaria, hiru aldiz egon zan Euskal Herrian 1924 eta 1928 bitartean. Bere egitekoa bertako bizimoduaren elementu bereizgarriak batzea zanez, Baionako Euskal Museoa ezinbesteko geldialdia izan zan lan horretan. Archives de la Planète osotzen dabenn 72.000 autokromoetatik 600 irudi inguru Euskal Herrian hartu ziran.

Bilduma bikain horrezaz gan, konsultautako 30 funts baino gehiagoren artean Société Française de photographie-tik (SFP), Tomas Acillona y Uria argazkilariaren bilduma pribatutik edo Lhaulé bildumatik lortutako emoitzak nabarmentzen dira.

Kontuak kontu, erabateko barrikuntza prosezuan dagoan Bilboko Euskal Museorako, lankidetza hau aukera parebakoa da bere funtsezko helburuetako bat lantzen jarraitzeko, hau da, beste erakunde batzuekaz loturak sortzeko, euskal kulturea zabaltzeko. Gauzak holan dirala, Baionako Euskal Museoagaz aurretik egindako alkarlanen ondoren, Paperezko jantziak 2004an eta Gernika 2007an, Euskal Herria Koloretan. Autokromoak, 1907-1935 erakusketeak Euskal Herriko historia mugearen alde bietan jagoteko eta zabaltzeko ardurea daben museo bi horreen arteko hartu-emonak indartzen ditu. Sorkunde Aiarza Bizkaiko erakundeko zuzendariak nabarmendu dauenez, oinarrizkoa iruditzen jaku testigantza honeek gaur egun ikusi ahal izatea. Horregaitik, museo bien arteko lankidetza aparta eta berezia da Bilboko Euskal Museoko arduradunontzat. Baterako lan horrek ikerketa-ahalegin handia ekarri dau eta oso harro gagoz horretaz.

Erakusketea Bilboko Euskal Museoan izango da ikusgai, arkitektura eta museografia-lanaren ondoren barriro ateak edegiten dituanean, Sabine Cazenauve Baionako Euskal Museoko zuzendariak baieztatu dauen bezela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu