Gasteizko F2P Campusa laugarrenez egingo dabe
2023-07-17 13:01 KultureaMunduko free-to-play bideo-jokoen lehen campus azeleratzailea da.
Gasteizko F2P Campusaren laugarren edizinoa gaur hasi da Euskadiko uriburuan. Eusko Jaurlaritzeak, Arabako Foru Aldundiak eta Euneiz Unibersidadeak bultzatutako ekimen horrek 5 talde izango ditu aurton, 12 herrialdetatik heldutako hogei proposamenen artean aukeratuak. F2P Campusaren helburu nagusietako bat da Euskadin bideojokoen sektorea bultzatea, talentu propioa sortuz eta geure lurraldera proiektu barriak erakarriz.
Lehen aldiz, proiektuetako bat gasteiztarra da, eta datozen hilebete bitan, haren proposamenari bultzadea emon ahal izango deutso, gaur Free-to-Play bideojoko barriak sortzeko ekimenak aurkeztu dauen gainerako parte-hartzaileakaz batera. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Saray Zarate, Ekonomia Garapenaren eta Barrikuntzearen Foru Diputaduak, Lluís Vicent Euneiz Unibersidadeko errektoreak eta Raúl Herrero F2P Campuseko zuzendariak ondoetorria emon deutsez Turkiako, Txileko, Kubako eta Kataluniako taldeei.
F2P Campusa erreferente bihurtu da bideojokoen sektorean. Espainian espero da aurten sektoreak 1.630 miloe baino gehiagoko fakturazinoa izatea, eta enplegu zuzena 11.000 personari emotea. Ekimena BIC Arabak koordinetan dau, Katoiden zuzendaritzapean eta Gasteizko Udalak, Euskalten Fundazinoak, Vital Fundazinoak eta AWS for Games-ek babesten dabe.
Aurreko edizinoetan bezela, adituak egongo dira hitzaldiak emoten. Lehenengoa, garagarrilaren 2an izan da eta azkena, irailaren 17an. Honako honeek izango dira barriketaldietako protagonistetako batzuk: Eugene Yailenko, Zeptolabeko zuzendari kreatiboa; Joony Koo, korear aditua eta Free-to-Play jokoak garatzen lehenengoetarikoa; Amir Rajan, disenatzailea; Isabel Tallos, Everguild estudio independentearen sortzailea; eta Xavier Carrillo, Studio Headeko CEOa, Call of Duty bideojokoan lan egin dauena. Hitzaldiak herritar guztiei dagoz zuzenduta.
5 talde, 19 parte hartzaile, 6 nazionalidade
Hautatutako bost taldeak gaur bertan hasiko dira lanean, Euneiz Unibersidadeak Salburuako Vital Eraikinian dituan instalazinoen barruan, beraz, datozen hilebete bietan, proiektua bizkortzeko aukerea izango dabe. 6 nazionalidade eta 19 parte-hartzaile dira, eta batez besteko edadea 28 urtekoa hain zuzen be. Horreetatik % 25 emakumeak dira.
Ondokoak dira edizino honetako protagonistak: JIB Games, FromDust Studio, Conwiro, Player to player eta Notbug.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!