20.000 personak baino gehiagok emon dabe izena UPV/EHUn graduko ikasketak egiteko

Bizkaie! 2023-07-17 12:30   Pil-pilean

Osasunari lotutako titulazinoak eta ingelesez emoten diranak, gehien eskatzen diranen artean.

Euskal Herriko Unibersidadeak 2023-2024 ikasturtean graduko ikasketak egiteko 20.400 aurreinskripzino-eskaera jaso ditu. Gehien eskatutako titulazinoen artean dagoz Medikuntza, Odontologia, Erizaintza eta osorik ingelesez emoten diran ikasketak, hau da, Business and Economics gradu bikotxa eta datorren ikasturtean hasiko dan Biomedical Engineering (aitamen duala dauena). Ganerako gradu barrien artean, Lehen Hezkuntza + Ume Hezkuntza Gradu Bikotxak, harrera bikaina izan dau.

Jakintza-arloei jagokenez eta eskaeretan adierazotako lehen aukera kontuan hartuta, aurreinskripzinoetatik % 37,3 Osasun Zientziei jagoke; % 29,8, Gizarte eta Lege Zientziei; % 18,5, Injinerutza eta Arkitektureari; % 7,7, Zientziei eta % 6,8 Arte eta Giza Zientziei. Alde horretatik, nabarmentzekoa da injinerutza eta Arkitekturearen arloan eskaerak puntu bi igon dirala.

2023-2024 ikasturterako, danetara, 8.694 plaza eskaintzen dira, igaz baino apur bat gehiago. Matrikulea datorren astelehenean, garagarrilaren 17an, hasiko da. Gradu-ikasketen eskaintzak eskaera handia izan dau barriro be eta horrek erakusten dau euskal gizarteak konfidantza handia dauela bere unibersidade publikoan. Titulazino barriek jaso daben harrerak islatzen dau eskaintza bat datorrela belaunaldi barrien eskaerakaz eta nazinoartekotzean, diziplinartekotasunean eta ikasketa dualetan lanean jarraitu behar dogula, nabarmendu dau Eva Ferreira errektoreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu