XXXI. Euskal Encounter-ek komunidade digital erraldoia batuko dau

Bizkaie! 2023-07-13 13:24   Kulturea

Garagarrilaren 22tik 25era egingo da Euskal Encounter Barakaldon.



31. Euskal Encounter
-ek teknologia barrien zaleak batuko ditu BECen. Komunitate digital erraldoia batuko da bertan eta 150 jarduera baino gehiago iragarri ditue lau egunetan zehar. 96 orduz jarraian, prestakuntza-ekintzak, lehiaketak eta ekintza solidarioak izango dira, besteak beste, Barakaldoko azoka-barrutian. Euskal Encounter ekimena era honetako hitzordu nagusia da Estaduan, neurriari, parte-hartzaile kopuruari eta beteranotasunari jagokenez.

Programautako 30 tailer eta berbaldi baino gehiagotan gaurkotasun teknologikoagaz lotutako gaiak jorratuko dira, besteak beste, adimen artifiziala, Gauzen Interneta, zibersegurtasuna edo bideojokoen sektorea. Ekintza horreek doban izango dira interesa dauen edonorentzat, ez topaketako parte-hartzaileentzat bakarrik.

Euskal Encounter-ak ohiko atalak be hartuko ditu, besteak beste, sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta beste jarduerak, programazino ludikoena batzen dauen arloa.

Euskal Encounter-eko partaideek aukerea izango dabe sormen digitaleko lehiaketetan parte hartzeko. Era berean, dozenaka bideojoko txapelketetan edo software libreko lehiaketetan parte hartu ahal izango dabe. Jarduera horreetan informatikariak eta programatzaileak lehiatuko dira, atontzaileek planteetan deutseen erronkei aurre egiteko.

Opengunean, parte-hartzaileentza nahiz publiko orokorrarentzat edegitako eremuan, informatikearen sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko ditue eta Euskadiko Odol Emoileen Elkarteak gune bat izango dau, parte-hartzaile eta bisitari solidarioenen lankidetzea bilatzeko.

Teknologia barrien jai honen beste momentu deigarrienetako bat Cosplay lehiaketak izango dira eta horreetan, lehiakideek euren trebetasun eta estiloa erakutsiko dabe manga, anime, bideojoko eta telesaileko personaia mitikoen janzkera sortu eta hareen antzera desfiletako momentuan.

Atondutako lehiaketa biak, Runway eta Contest, garagarrilaren 22an, arratsaldean, egingo dira. Edizio honetan, euskal informatikearen jaiak streaming eremu bat izango dau mundu digitalean zabalkunde handiko sektore honetako eduki sortzaileek be euren lekua euki deien. Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko topagune hau izan zan igazko barrikuntza nagusia eta harrera bikaina ikusita, tarte bat lortu dau urteroko egitarauan.

Euskaltel Fundazinoa arduratzen da Euskal Encounter atontzeaz, Eusko Jaurlaritzearen (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBKren eta Euskaltelen babesari esker.

Telekomunikazinoen euskal enpresea Interneterako sarbidea ezartzeaz arduratzen da, segundoko 60 gigabiteko abiadurea ezarriz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu