Paellen Nazinoarteko Lehiaketearen eragina gitxitzeko neurriak ezarriko ditue

Bizkaie! 2023-07-11 12:54   Kulturea

Etxolak eregiteko ez da zementurik erabiliko eta pisu bakarrekoak izan beharko dira.

Getxoko Udalak jarraipena emongo deutso Aixerrotako zelaietan Paellen Nazinoarteko Lehiaketearen eragina murrizteko neurriak orain sei urte martxan jarritako proiektuari, hain zuzen be, Itxas Argiak lehiaketa atontzen dauen eremutik kanpoko gunean segurtasuna eta garbiketea indartzeko. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak baterako dispositibo bat aplikauko dabe personen segurtasuna modu presentzial, proportzional eta egokian bermatuz. Horretarako, postu finkoak izango ditue, bai eta langile ibiltariak be. Besteak beste, bide-segurtasunagaz, trafiko-mozketakaz eta delitu-egitateen prebentzinoagaz lotutako lanak egingo dira eta laguntzinoa eta sorospena emongo da.

Udaleko arloek, 2018tik egiten dabizen lez, indartu egin ditue Paellen Nazinoarteko Lehiaketearen eragina murrizteko neurriak. Ingurumena jagoteari, hondakinak batzeari, segurtasunari, ebakuazino-bideei eta osasun zerbitzuei (anbulantziak, osasun langileak...) lotutako eta suteen kontrako neurriak dira.

Igazko emoitza positiboak ikusita, hartu beharreko neurrien artean hurrengoak dagoz:

• Pinudiaren eta txilardien gunerako sarbideak hesolen eta zinten bidez balizetea eta, horrezaz gan, eremu naturala errespetetako eta sustatzeko eta zugatzak untze, soka, inausketa bidez ez kaltetzea.

• Sega-lanak gune ofizialaren ondoko eremuan, larrialdi-zerbitzuak eta garbiketa-kamioiak sartu ahal izateko bideak edegiteko.

• Argi-puntuak kokatzea eremuan.

• Perimetro berean, ur-puntuak eta mahukak, hiru kokapenetan.

• Itxas Argia-k proponidutakoaren gainetik, edukiontzien kopurua handitzea. Gainera, edukiontziak jarriko dira ekitaldian erabilitako perimetro osoan.

• Ekitaldiaren egunean sortutako hondakinen gaikako batzea egingo da eta parte-hartzaileek ingurune osoan jarriko diran puntu garbiak erabili ahal izango ditue.

• Sortutako beira edo kristalak batzeko poltsak banatuko dira (ohiko laguntzailea dan Ecovidrioren eskutik) eta koloretako poltsak eta poltsa organikoak be, jatorrian bereizteko eta dagozan gune garbietan itxi ahal izateko.

• Ekitaldia amaituta eta ondorengo egunetan, ontzi, beira, papel, organikoaren eta gainerakoen zatikiaren batze selektiboa egingo da, antzemondako tresnakaz batera eta batzea amaitzeko, egurra kenduko da, pilatuz joango dana eta azkenik, hondakin txikienak.

Horrezaz gan, 2018an, 2019an eta 2022an bezela, aurten be bide-injineru batek eta gizarte-hezitzaile batek osotutako lan talde bat kontratau dau, esparru ofizialaren pareko jaian parte hartzen daben koadrilakaz bitartekaritza-lana egin deien. Lantalde honek kontuan hartu beharreko hainbat neurriri buruzko informazinoa eta aholkuak emoten ditu, besteak beste, segurtasunaren garrantziaz jaubetzea eta bide nagusiak eta ebakuazino-bideak errespetetea, ingurumena errespetetea, hondakin gehiegi ez sortzea, esparruan dagozan edukiontziak behar bezela erabiltea, bertako faunea eta landareak errespetetea.

Bitartekotza egitea be garrantzitsua izango da muntautako egiturak seguruak izan daitezen eta koadrilentzat eta bisitarientzat arriskutsuak izan ez daitezan.

Bagilaren 23an egin eben lehenengo batzarra kuadrilakaz, gomendioak behar bezela egiten dirala bermatzeko eta ekitaldiaren aurreko egunera arte iraungo dau bitartekaritzeak. Aurreko urteotan lan bera egin eban lantalde bera da eta, beraz, ohikoak diran kuadrilakaz barriro jarri da hartu-emonetan eta barriak informazioa jaso dein gonbidau ditu. Komunikazinoa errazteko, eskuko telefono bat eta posta elektroniko bat erabilteko aukerea emon jake.

Aurreko edizinoan kuadrila batzuk batu ziran gune ofizialaren ondoko eremuaren garbiketan eta horreen artean mobilizau ziran lehiaketearen hurrengo egunean bertan sortutako hondakinak kentzen eta txosnak garbitzen laguntzeko. Hori oso positibotzat jo eban Udalak eta jokabide horri ekiteko animau ditue. Era berean, eskerrak emon jakozan Itxas Argia Elkarteari, lehiaketearen atontzaileari, Getxon hain errotuta dagoan jai hau behar bezela egiteko emondako laguntzeagatik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu