This is Basque Design Merkatua Bilbon, hilaren 7, 8 eta 9an

Bizkaie! 2023-07-03 13:51   Kulturea

dendAZ, Azkuna Zentroaren dendearen laugarren urteurrenagaz bat dator.

Astegoienean zehar, Azkuna Zentroko diseinu-komunidadeko hogeita hamar sortzaileek euren proiektuak eta produktuak erakutsiko ditue Atrioan eta euren prozesuak konpartiduko ditue, izan be, diseinatzaileek euren ibilbide profesionalak eta marken bidez lantzen dituen sormen-prozesuak zabalduko ditue.

This is Basque Design Merkatuara hurreratzen diranek ondoko artisten lanak ezagutuko ditue: Abana Bilbao (Altzarien diseinua eta osogarriak), Aerre Design (Diseinua), Ailanto (Modea), Amakuyi (Diseinua), Amarenak (Modea), Ane Pikaza (Ilustrazinoa), Barock Jewerly (Bitxigintzearen diseinua), Cookplay (Tresneria diseinua), Ekomodo (Diseinu eskuragarria), Elena Ciordia (Ilustrazinoa), Fournier (Joku diseinua), ftbcwl (Diseinua eta ilustrazinoa), Higi Vandis (Ilustrazinoa), Josune Urrutia (Ilustrazinoa), Katxi Klothing (Modea), Kiribiltxo (Bitxigintzearen diseinua), Malús Arbide (Moda diseinua), Mario Gaztelu (Ilustrazinoa), mrlaspiur (Bitxigintzearen diseinua), Palopalú (Jokoa diseinua), H05 (Moda), Susana Blasco (Ilustrazinoa), The Real Studio (Bitxigintzearen diseinua), Tytti Thusberg (Modea), Yolanda Sánchez (Diseinua), Ziriak (Altzarien diseinua), Zioru (Modea), KreativeArt (Ilustrazinoa), Terai Cosmética (Kosmetikea), Joana Fidalgo (Ilustrazinoa) eta Kostako (Modea eta ilustrazinoa).

Sormen tailerrak

This is Basque Design Merkatuan diseinu eta fabrikazino teknikak ikasi eta praktikau eta emoitzak etxera eroan daitekez:

Estanpazino botanikoko tailerra papel gainean Yolanda Sánchez diseinatzaileak eskainiko dau.

Tailerrean estanpazino botanikoak egingo dira, kotoizko gramaje handiko papelaren gainean eta parte-hartzaile bakotxak postal bat eroango dau etxera.

Eguna: 2023ko garagarrilaren 7an, 17:00etatik 20:00etara. Parte-hartzaileen gehieneko kopurua: 10. Iraupena: 3 ordu. Prezioa: 12€/ 9€ AZ txartelagaz – Sarrerak webgunean eta AZ info-n

Yolanda Sanz diseinatzaileak ehungintzan erabilten dituan teknikak erabiliko dira eta, beraz, ehungintzako euskarrietan egiten dauen lan profesionalagaz parekatu daiteke.

Estanpazino botanikoari buruzko sarrera labur bat egin ondoren, ikasiko dogu zelan jarten diran landare naturalak papelean konposizinoa sortzeko eta zelan egiten diran
lokailuak. Egosteko, urbarritzeko eta sikatzeko prozesuaren ondoren, konposizinoa eroateko prest izango dozu.

Ehunak birziklatzeko sormen-tailerra Tytti Thusberg diseinatzaileak eskainiko dau 2023ko garagarrilaren 8an, 11:00etatik 14:00etara. Parte-hartzaileen gehienezko kopurua: 8.
Hiru bat ordukoa izango da tailerra.

Prezioa: 12€/ 9€ AZ txartelagaz. Sarrerak webgunean eta AZ info-n.

Parte hartzeko, nahikoa da josteko makinea erabilten jakitea. Ehunak birzikletako tailer honetan, bigarren eskuko jantziak / oihalak erabiliz, erosketa-poltsak egingo ditugu, arinak, erabilgarriak eta tolesgarriak.

This is Basque Design

Azkuna Zentroak, BEAZ, EIDE eta BilbaoEkintza erakundeen laguntzinoari esker ipini eban martxan 2019ko garagarrilean, bertoko diseinua eta sormen-industriak sustatzeko helburuagaz eta 2019-2023 Programa Proiektuaren esparruaren barruan.

Produktuaren balio gehigarria da dendAZ. This is Basque Design espazioaren bereizgarria, tokikoa, iraunkortasuna, Do It Yourself ikuspegia eta esklusibotasuna agirian jartea eta, batez be, tokiko sormenaren eta diseinuaren balioa nabarmentzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu