Guggenheim Bilbao Museoak jarduera-programa potoloa atondu dau udarako
2023-07-03 10:13 KultureaGaragarrileko eta abuztuko eguaztenetan, musikea zuzenean: 5ean, Maite Arregi Trio.
Guggenheim Bilbao Museoak kultura eta hezkuntza-jardueren eskaintza zabala eskainiko dau uda honetan, arte modernoa eta garaikidea herritarrei hurreratzeko eta, aldi berean, artea eta kulturea oro har sustatzeko.
Hona hemen jarduera aitagarrienak:
Umeentzako tailerrak (bagilaren 26tik 30era, garagarrilaren 3tik 7ra, garagarrilaren 10etik 14ra) Aste honetan hasi dira 6 eta 11 urte bitarteko umeentzako udako tailerrak. Egun horreetan, euskeraz zein gaztelaniaz, ikasi, sortu eta lagun barriak egin ahal izango ditue, jarduera artistiko dibertigarriak esploretan eta deskubriduten duten bitartean. Gainera, jarduera horreetako batzuk ingelesez egingo dira British Councilen lankidetzeari esker. Proposamenak ume bakotxaren trebetasun, erritmo eta interesetara egokitzen dira eta bisitak be izango dira museoako lanak ezagutzeko (Yayoi Kusama, Lynette Yiadom-Boakye, Oskar Kokoschka artisten artelanak eta Museoaren Bildumea).
Summer for Teens (garagarrilaren 3tik 7ra)
13 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako udako tailerra. Diseinuan espezializautako artistek emongo dabe, ingelesez eta parte-hartzaileak Yayoi Kusamaren artelanetan inspirauko dira beren diseinuak eta prototipoak sortzeko, arteagaz lotzeko moduak topetako. Helburua sormena eta esperimentazinoa sustatzea da, artearen eta hainbat arlo profesionalen arteko hartu-emonak arakatzeko bertako artista eta diseinatzaileen eskutik.
Art & Music (garagarrileko eta abuztuko eguaztenak)
Jazz musika zuzenean Museoko terrazan, hareen erritmo eta nortasunagaitik harrituta itxiko gaituen ondoko bandakaz:
Garagarrilak 5: Maite Arregi Trio; garagarrilak 12: Mikel Núñez Trio; garagarrilak 19: Joel Ribeiro Trio; garagarrilak 26: Eneko Dieguez 4tet; abuztuak 2: Andoni Aizpuru 4tet; abuztuak 9: Pablo Maza 4tet; abuztuak 16: Annie Bangheran 4tet.
Wellbeing alkarrizketak (garagarrilak 5)
María Blasco, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) ikertzaile eta zuzendaria; Elizabeth Blackburn, Medikuntzako eta Fisiologiako Nobel Saria 2009an telomeroen inguruan egindako lanagatik eta Amparo Garrido artista bisuala ikerketa zientifikoaren eta sorkuntza artistikoaren arteko danon lurraldeei buruz egingo dabe berba, besteak beste, garunaren funtzionamendua, estresak osasun fisiko eta mentalean dauen eragina eta edertasunaren eta adeitasunaren garrantzia aztertzeko Museoak aldizka hartuko dituan barriketaldietako lehena da alkarrizketa hau.
Hausnarketa partekatuak (garagarrilak 12 eta 19)
Lucía Agirrek, Museoko arte-arduradun eta Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino erakusketaren komisario; eta Luz Magureguik, Museoko Hezkuntza koordinatzaileak, Yayoi Kusama artistari eskainitako erakusketa inauguratu berriari buruzko ikuspegi eta irakurketa desberdinak eskainiko dituzte. Iberdrola da Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino erakusketaren babeslea.
Zuzeneko opera-emonaldia Teatro Realetik (garagarrilak 14)
Museoko Entzungelan, Turandot operea zuzenean, “Semana de la Ópera”-ren barruan programautakoa. Giacomo Puccinik (1858–1924) konposatu eta Franco Alfanok amaitutako partiturea dauen hiru ekitaldiko drama lirikoa da.
Danza en el camino (garagarrilak 23)
Burgos & New York Nazinoarteko Koreografia Lehiaketa ezaguneko Danza en el camino ekimenaren azken saioa hartuko dau Museoko Atrioak. Finalista izan diran nazinoarteko konpainiak izango dira bertan, Bilbora heldu aurretik iparraldeko Done Jakue bidean zehar zenbait saio egin dituenak.
Bilbao Blues Festival kontzertua (garagarrilak 27)
Silvia Marsók eta Del Toro Blues Bandek osotzen daben Blues & Roots proiektuak Madrilen izandako erantzun bikainaren ondoren, Bilbao Blues Festivalen bigarren edizioan
aurkeztuko da Museoko Entzungelan. Marsók musika baltzaren ariman barrena egindako ibilbidea gidatuko dau, “Summer Time” lako klasikoakaz hasi eta García Lorcaren testuak oinarri hartuta blues doinuetan egindako moldaketakaz amaitzeko.
Bilbao Blues Festival kontzertu pedagogikoa (garagarrilak 28)
Umeentzako kontzertu pedagogikoa Diablues eta Bluezifer bikotearen eskutik, Oihan Vega aktore eta komunikatzailea eta Nagore Sanz kontrabaxu-jotzailea lagun dituela. 2014an Asier Elorza eta Mikel Etxeberriaren Diablues eta Bluezifer bikoteak ahots-jokoak, dinamismoa eta irudimena buztartzen dituan ikuskizuna eskainiko dau.
Kontzertua York Bowen jaialdia (abuztuak 4)
Musika klasikoaren York Bowen III. Nazioarteko Topaketearen amaierako kontzertua, Adrián Martínez Beorleguiren (biola, Erresuma Batuko Orkestra Nazionala) zuzendaritzapean, honako honeen parte-hartzeagaz: Paul Silverthorne (biola, Londresko Orkestra Sinfonikoa) eta Wenting Kang (biola, Errege Antzokiko Orkestra Sinfonikoa), Pablo Suárez (biolina, Ensemble Praeteritum) eta Catalin Bucataru (biolina, Musikeneko irakaslea) eta Aldo Mata (biolontxeloa, Catarina Gurska
zentroko irakaslea). Schönberg, Bartok, Schullhof eta Mendelssohnen piezak joko ditue.
Works & Process (abuztuak 21, 22 eta 23)
New Yorkeko Masterz At Work Dance Family jantza-taldearen saioak Museoko plazan eta Entzungelan. Konpainia honek hainbat estilo buztartzen ditu, besteak beste, street dance, street jazz, ballroom, vogue eta hip-hop. Courtney Balenciaga Washington koreografoak sortu eta gidatzen dau taldea eta Works & Process programearen testuinguruan enkargautako lan bi interpretauko ditue, mundu inklusiboagoa eta anitzagoa aldarrikatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!