Castillo Suarezek ‘Maitasunaren Botanika' irakurriko dau sarrera-berbaldian

Bizkaie! 2023-06-23 13:48   Kulturea

Poesia garaikidearen antologia personala irakurriko dau.

2022an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban Castillo Suárez idazle nafarra. Orain, Akademiaren barruko arauek agintzen dabenari jarraituz, sarrera-berbaldia egitea jagoko euskaltzainari. Garagarrilaren 1ean izango da Altsasuko Iortia kulturgunean. Euskaltzaindiak Osoko bilkurea egingo dau 10:00etan Altsasuko udaletxean eta 12:00etan, Altsasuko txistulariek agintarien segizioari lagunduta, Iortiaraino helduko dira ekitaldi instituzionalari hasierea emoteko.

Altsasuko alkateak ondoetorria eginen deutse bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuagaz batera eta, ekitaldian zehar, Sahatsa eta Pi hirukoteak lagunduko ditu berbaldiak.

Ondoren, Castillo Suárezek sarrera-berbaldia irakurriko dau eta bere bizitzan eragina izan daben poema liburuen barri emongo dau. Landareen bidez harilkatuko ditu guztiak, Maitasunaren botanika izeneko antologia osotuko dau.

Miren Agur Meabe euskaltzain osoak erantzungo deutso Zazpi gutun maitasunaren botanikeari izeneko berbaldiaz.

Azkenik, euskaltzain barriak karguari zin egingo deutso eta euskaltzain osoaren dominea, diplomea eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.

Ekitaldiaren amaieran, Altsasuko zortzikoa egingo dabe jantzan dantzari eta herritarrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu