Laida Aldazek zuzendutako 'In Perspective' performancea Altzuzan

Bizkaie! 2023-06-23 12:58   Kulturea

Bagilaren 23an eta 24an aurkeztuko da Oteiza Museoan.

Laida Aldazek zuzendutako In Perspective performancea bagilaren 23an (barikua) eta 24an (zapatua) erakutsiko da Oteiza Museoan, Jorge Oteizaren heriotzearen 20. urteurrenerako atondutako ekintzen programearen barruan. Piezea Altzuzako museoan egingo da, lau emonalditan: 17:30ean eta 19:00retan barikuan, hilak 23an eta 11:00etan eta 12:30ean zapatuan, bagilaren 24an.

Gauzak holan dirala, La Faktoria Choreographic Center-rek eta Oteiza Museoak lankidetzarako bidea sortu dabe, Laida Aldazek eta Marta Coronadok konpartidutako zuzendaritzapean Noaingo koreografia-zentroko Lur egoitza-programeari jagokon sorkuntza-egoitzea dala-eta.

In Perspective Zinetika Jaialdiaren produkzinoa da, diziplina anitzeko performancea, jantzearen, arkitekturearen eta musikearen arteko topaketan oinarrituta, jokaespazio ez diranetan. Performanceak perspektibak dira oinarri eta giro zinematografiko bat dakar gogora. Oteiza Museorako konposizino bakarra da, izan be, espazioa eta ingurune arkitektonikoa kontuan hartzen dira zelan eta zer jantza sortu nahi dan erabagiteko. Bersino hau La Faktoria Choreographic Centerreko 5. belaunaldiko ikasleakaz, Juanma Urriza musikariagaz, Gregory Alliot zuzendari laguntzaileagaz eta Laida Aldaz arte-zuzendariagaz batera sortu da.

Proposamena Oteiza Museoan dago ikusgai, eskultore oriotarraren heriotzearen 20. urteurrenean. Urte honetan zehar aurreikusitako ekintzen artean dago, museoak be 20. urteurrena ospatzen duaen honetan. Horrezaz gan, Oteizaren ondarea aktibetako jorratutako proiektuakaz bat egiten dau, diziplinartekotasunetik eta sorkuntza garaikidetik ekinez.

Emonaldi bakotxeko gehieneko edukierea 20 pertsona da. Sartzea doban da, aldez aurretik erreserbea eginda: recepcion@museooteiza.org edo 948 332074 telefono-zenbakira deituta.

- Arte-zuzendaria: Laida Aldaz.

- Zuzendari laguntzailea: Gregory Alliot.

- Musikaria: Juanma Urriza.

La Faktoria Choreographic Center-eko ikasleak 

Laura Gutiérrez, Esther Saborio, Nagore Tamayo, Marion Morlier, Anastasia Dontsova, Benedetta Leso, Beatrice Biondi, Johanna Sauer, Alessandra Rossi, Juliette Bettencourt, Darja Turchenco, Markus Hallmark, Aimar Odriozola, Louise Rents, Arlet Capella, Sergio Navarro, Norine Botella, Jihun Kim, Maider González, Lara Kapeloto, Margherita Massarotti, Maria Papageorgiou, Lucie Besançon, Ofir Shabtay Levin eta Ella Meeusen.

Laida Aldaz Arrieta

Diziplina anitzeko artista autodidaktea da, arteen hibridazinoan interes berezia dauena. Aldazen lanak, gorputzearen eta espazioaren arteko hartu-emonak ardatz izanda, espazio ez-eszenikoetan sortzen dira, berrinterpretauta, beste esangura bat emonez eta eszeniko bihurtuz.

Haren jakin-minari esker hainbat arte-arlotako lanak sortuera, zuzendu eta produzidu ditu, besteak beste, In Perspective, To let go, The Room, Kirolak, Shopping List, BS & I.

Laida Aldaz Arrietaren ibilbidean zehar koreografo askogaz egin dau jantzan eta nazinoarteko eskolatan eta jaialditan klaseak emon ditu. El Trastero Creativo eta Zinetika Jaialdia kultura-alkarteko zuzendaria da; horreetan jantzearen, zinemearen eta teknologia barrien arteko hartu-emonak aztertzen dira. Era berean, La Faktoria Choreographic Center-eko zuzendarikidea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu