E28: Ertzetatik erdigunera

Bizkaie! 2023-06-22 10:03   Pil-pilean

Helburua da herritarrak sexu eta genero aniztasunaren inguruan sensibilizetea.

E28: Ertzetatik erdigunera izango da bagilaren 28ko LGTBI+ Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazinoarteko Eguna dala eta, Getxoko Udalak atondutako ekitaldien goiburua. Horreen helburua herritarrak sexu eta genero aniztasunaren inguruan sensibilizetea izango da. Trans personen bardintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBIQ+ personen eskubideak bermatzeko lege-esparrua landuko da.

Lehenengo jarduerea Pikara Magazine aldizkari feministearen bultzatzailea dan June Fernandez kazetariak eta Amaia Alvarez Euskal Filologian lizentziau eta Literaturan doktoreak idatzitako Mariokerrak liburuaren aurkezpena eta barriketaldia izango da, bagilaren 29an, eguenean, 18:30ean, Romo Kultur Etxean. Euskeraz izango dan aurkezpena June Fernandezek berak eta Izaskun Aranbarrik, Berdindu zerbitzuko kidea eta liburuan alkarrizketatutako emakumeetako batek, egingo dabe. Liburuan euskerearen eta lesbianen komunidadearen ardatzak zelan gurutzatzen diran aztertzen da.

Bestalde, hurrengo egunean, bagilaren 30ean, Romo Kultur Etxean Trans legearen argiak eta itzalak berbaldia izango da 17:30etik aurrera, Aitzole Araneta sexologo eta aktibista trans feministearen eskutik.

Ondoren, 18:30ean, trans umezaroa, identidadearen bilaketea, familia eta belaunaldien arteko hartu-emonak erakusten dituan 20.000 especies de abejas filma proiektauko da, hainbat sari jaso dituana.

Ekitaldi biak gaztelaniaz izango dira. Aurrekoetan bezela, bagilaren 28an udalerriko hainbat leku eta eraikin enblematiko kolorez argiztatuko dira, besteak beste, Areetako kaia eta Aiboa, Arene, Portu Zaharra eta Usategiko igongailuak eta kolore asko dituan banderea be jarriko da hainbat udal eraikinetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu