Lekuz Leku 2023 programearen barruan hamabost jantza-ikuskizun izango dira

Bizkaie! 2023-06-13 12:41   Kulturea

Aire librean Abandoibarran, Kanada, Ekuador, Txile eta Italia izango dira konbidatutako herrialdeak.

Hiriguneetako Nazinoarteko XIX. Dantza Jaialdia bagilaren 21etik 24ra egingo da, doban. Guggenheimetik Euskaldunara doan erriberako pasealeku berdea antzoki handi bihurtuko da eta dozena bat eszenatoki izango ditu astegoienean zehar.

Kalean egingo dan lehenengo obrea creAcción23 izango da. Pedro Berdäyes Jantza Sari Nazionalaren irabazleak Mutis Espaziorako egin eban koreografia da, Matxalen Bilbaok eta Natalia García Murok orain urte bi Leioan sortu eben prestakuntza eta sorkuntza-zentrorako. Euskadikoak dira baita Manu Gaigne eta Jone Amezaga (Remedios Vals) eta Ethan & Cía. Kolektiboa be. Azken horrek zortzi interpreterentzako jantza urbanoaren ikuskizuna aurkeztuko dau (Feeling The Vibe).

2023ko Lekuz Leku jaialdian flamenkoa be izango da (Loca, La Venidera madrildarrena -Sílvia Pérez Cruzen musikaren erritmora-), jantzi dotoreak (Efecto siam, Sin Par andaluziako kolektiboarena), hiru Flowershead, Elías Aguirre madrildarrarena), baita amaierako jai parte-hartzailea be, Denis Martínez Kubako Jantza Konpainia Nazionaleko jantzari ohiak emongo dauen Karibeko jantzen ikastaro edegiagaz.

Nazinoarteko proposamenen artean, nabarmentzekoa da Italiako COB Compagnia Opus Ballet konpainia ezagunaren Behind You lana, White Room produkzino handiaren lagina. Masdanza jaialdian (Kanariak), nazinoarteko jaialdirik garrantzitsuenean, Publikoaren Saria irabazi eben 2022an. Saria jaso daben beste batzuk Marcelo Javier Guaigua eta Lemia Boudhiaf ekuatortarrak dira. Me fui con tu nombre lanari esker 2020ko Sólodos Jantza Saria irabazi eben, izen bereko Latinoamerikako jaialdian.

Baina gehien espero dan nazinoarteko bisitea Txiletik helduko da. Alluitz Riezu García bizkaitar koreografo eta zuzendariak hamarkada bat daroa Amerikako herrialde horretan biziten eta bere herrira bueltauko da. Valdivian, Esperimentazino Eszenikoaren Zentroa sortu dau, sensibilizazino-jantzan espezializauta eta oinarri politiko-sozial handiko proposamen artistikoak eta komunidadeagaz konprometiduta dagozanak sortzen ditu. Riezu Garcíak jantzea ulertzeko modu erabat desbardina deu, jantzea sozializetearen alde egiten baitau; 2023ko Lekuz Leku jaialdira De alta densidad obrea ekarriko dau. Lau jantzarik eta zeinu-hizkuntzako interprete batek osotutako lanak gure itsasoetako plastikoaren presentzia arriskutsuaz ohartarazoten deusku.

Aurreko urteetan lez, ikuskizuna Abandoibarrako zein puntutan izango dan jakiteko, publikoak Lekuz Lekuren heliozko globo zuri handia bilatu beharko dau. Inguru horretan izango da barikuan eta zapatuan 19:00retatik aurrera. Aire libreko piezen ostean, 21:30etik aurrera, La Fundición Aretoan dobako mokau informalak izango dira publikoarentzat eta artistentzat (pizzak eta Oro garagardaoa, Bilboko markearen babesari esker). Gainera, zapatuko amaierako topaketan, azken ikuskizuna egingo dabe aretoan bertan: Charles Brecarden Soliloquy. Kaledonia Barrian (Ozeania) jaio eta Montrealen (Kanada) bizi da eta berezko teknikea sortu dau jantza garaikidea, jantza urbanoak eta hainbat kulturatako jantza tradizionalak buztartuz.

2023ko Lekuz Leku jaialdiko jarduera guztiak libreak eta dobakoak izango dira, baita lehen egun bietan La Fundición Aretoan programautako zinema proiekzinoak be. Eguaztenean, 21ean, My lunch with Anna emongo dabe. Alain Buffard koreografoak zuzendutako dokumentala da eta Anna Halprin (1920-2021) Ipar Amerikako jantza postmodernoko figura nagusiagaz izandako alkarrizketea jasoten dau. Eguenean, hilaren 22an, Zinegoak jaialdiko Anaís Córdova-Páezek egingo ditu komisario-lanak: Chega de fiu fiu Brasilgo filma emongo dabe. Ondoren, barriketaldia egongo da norberaren gorputzaren arabera espazio publikoko presentzia desbardina izatearen inguruan. Bilboko arkitekto etorkin bat eta euskal aktibista bat izango dira protagonistak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu