'Uda Giro' San Agustin Kultur Gunearen eta Plateruena Kultur Aterpearen artean

Bizkaie! 2023-06-13 11:18   Kulturea

Arte eszenikoen programazino erakargarria atondu dabe.

Uda Giro bagilaren bagilaren 22an hasi eta irailaren 2an amaituko da eta danetara 14 ikuskizun egongo dira, arte eszenikoen programazino erakargarria bertoko zein kanpoko herritarrentzat, askorentzat kaleko arteak baitira arte eszenikoakaz dituen lehenengo hartu-emonak.

Programa honen ardatzak hasieratik finkatuta dagoz:

- Kalea arte eszenikoak eskaintzeko aprobetxetea. Kalea herritarren eta kulturearen arteko topagune lez erabiliz.
- Kaleko arteen erakusketa bat eskainiko da. Kalerako bakarrik sortutako ikuskizunak, aretoetan erakutsi ezin diranak. Plazeak, eszenografia onenak, ikusle esporadikoak, ikuslerik onenak diralako.

Erakusketak, umeentzako ikuskizunak, zirkua, musikea, bertsolaritzea, poesia eta antzerkia buztartuko ditue, herriko ordezkariak ahaztu barik; eta horreen guztien artean nabarmentzekoa da Volatineros izeneko soka makaleko ikuskizuna, hodeien arteko zubia, amesetatik zintzilikatutako haria, ilusinorako pasabidea: 10 metroko altueran dagoan 40 metroko kablea, kabletik zintzilik dagoan trapezio eta masta txinatar bat eta zeru bidean dagozan funanbulista bi, akrobata bi eta 3 musikari. Diziplina anitzekoa, poetikoa eta bisuala ikusle guztientzat. San Agustinen 25. urteurreneko ikuskizun berezien artean programautako obrea, irudimena sentidu eta askatzeko.

Barrikuntza legez zirku garaikideko gau bi, zirku ez-konbentzionala eta teknika akrobatikoaren eta edertasun artistikoaren nahasketa perfektua izateagaitik autortua. Garagarrilaren 15ean eta 29an izango dira, Zirkozaurre eta Cía D 'es Tro konpainien eskutik.

Programa honetan umeentzako ikuskizunak be izango dira, besteak beste, Mireia Miracle edo Hortzmuga Teatroa. Azken honetan, Aroa Blanco durangarrak hartzen dau parte. Era berean, bertakoa dan Mariano Estudillok ¿Qué sueñan los príncipes? musika eta antzerki ikuskizun barria eskainiko deusku.

Programa honetako lau ikuskizun Plateruena Kultur Aterpeak atondu ditu, besteak beste, olerkiak, Durangaldeko letra zahar eta barriak zuzenean entzuteko aukerea, mikroipuinak, bertsoak... Letrak izango dira protragonista. Eta askotan ez bezela, hareen atzean zer ezkutatzen dan azalduko deuskue sortzaileek.

Olindak Sol, aceitunas y vino disko barria aurkeztuko dau.

Garagarrilaren 26an, Ray Fernández trobadore kubatarra izango da protagonista. Kozinatik urten, gitarrea hartu eta malekoian ibili zan punk-juglare erromantiko baten antzera.

Proposamen musikalak JAC – Jaime Alvarellos Correcher blues abeslari eta gitarristeagaz amaituko dira. Dry bere bakarkako bigarren lana aurkeztuko deusku, Mississippiko Deltako klasikoetan oinarritutako kontzertu akustikoa.

Amaitzeko, 18 urtez eta 200 ikuskizun baino gehiagoren ostean agur biran dagoan Markeliñeren Carbon Club ikuskizuna eskainiko doguz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu