Idazketa Dramatikoari buruzko tailerra eskainiko dau Bilbon Eva Redondok

Bizkaie! 2023-06-09 12:31   Kulturea

Teatro del Barrioren Homenaje a Billy El Niño produkzinoaren zuzendariak eskainiko dau.

'Homenaje a Billy el Niño' | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 23an eta 24an izango da eta zabalik dago bai sektoreko profesionalentzat, bai idazketan interesa daben personentzat.

Bilboko espazioak atontzen dauen mueta honetako bigarren hitzordua da, egun ospea daben artistek eskainitako dramaturgia barriei buruzko ikastaroak eskaintzea helburu dauena.

Antzezlana aretoan bertan ikusi daiteke hilaren 23an eta sarrerak salgai dagoz, ikastaroan matrikuletan diranentzako doban izango bada be.

Bilboko BBK Saleak idazketa dramatikoari buruzko prestakuntzea atondu dau bigarren urtez jarraian. 2022ko udabarrian Albert Tola bartzelonarrak (dramaturgoa, poetea, itzultzailea eta idazketa dramatikoko irakaslea) eskainitakoaren ondoren, Eva Redondo arduratuko da La palabra translúcida izenburuko 2023ko dramaturgiako tailerra emoteaz. Aretoan bertan izango da, bagilaren 23an eta 24an (10:00etatik 14:00etara). BBK Salearen proposamena da urtean behin egungo antzerkigintzan entzute handiko persona batek eskainitako dramaturgia barriei buruzko prestakuntza bat izatea, Bilbo idazketa dramatikoaren prestakuntzearen erdigune bihurtu daiten, Euskadin ez baitauka irakaskuntza espezifikorako lekurik gaur egun diziplina horrek.

Tailerreko bi saioetarako Redondok proposatzen duen metodologiak gogoeta teorikoa eta praktika buztartuko ditu: Helburua da enigma edo misterioa sorkuntza-prozesuaren eragile lez aldarrikatzea eta intuizinoaren, irudiaren eta zentzumenen balioa nabarmentzea, idearen edo argudioaren aurrean, ezkutatzen dauen berbea lehenetsiz agirian ixten dauenaren aldean.

Eva Redondo (Salamanca, 1979)

Aktorea, zuzendaria eta, batez be, dramaturgoa da. Azken hamarkadan hogei bat obra sortu ditu, Nuevenovenos kolektiboaren sortzailea izan da eta José Sanchís Sinisterra Nuevo Teatro Fronterizo proiektuaren Zuzendaritza Batzordeko kidea da. Horrezaz gan, Madrilgo Teatro del Barriorren Homenaje a Billy el Niño produkzino barriaren obra-zuzendaria da eta, hain zuzen be, BBK Salara ekarriko dau lehen aldiz bagilaren 23an, barikuan (19:30ean).

Izen-emotea zabalik dago bai sektoreko profesionalentzat (dramaturgoak, idazleak, interpreteak, zuzendariak...), bai idazketa dramatikoan interesa dutenentzat, oro har. Matrikuleak 40 euroko kostua dau eta 23an aitatutako Homenaje a Billy el Niño antzezlana ikusteko sarrerea barruan sartzen da. Plazea erreserbau daiteke dagoeneko (mugatuak dira, 20 gehienez be) eta online ordaindu BBK Sala webgunean.

Homenaje a Billy El Niño. Teatro del Barrio (Bagilaren 23an, 19:30ean)

Antzezlana memoria historikoaren egiazko ariketea da, Antonio González Pachechoren biktimen benetako lekukotzei esker egin da. Frankismo eta transizino garaiko polizia torturatzailea orain hiru urte hil zan Covidaren ondorioz, ez eben epaitu eta merezimendu polizialaren kondekorazinoari eutsi eutsen. Haren biktimek sistemearen partetik erreparazinorik izan ez ebanez, ikuskizun honen helburua da gitxienez, duintasun apur bat itzultzea (Redondo zuzendaria eta Ruth Sánchez eta Jessica Belda egileak). Pasearen ostean, BBK Salan Desmuntaia izango da, funtzinoaren osteko barriketaldia publikoagaz eta artistakaz obreak jorratzen dauen gaiaren izakera sozialarengaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu