Erriberriko Jaialdiak programazino bardinzalea eta inklusiboa dakar
2023-06-09 09:32 Kulturea39 ikuskizun, antzerkia, musikea, jantzea eta zirkua buztartuta.
Erriberriko hogeita laugarren Antzerki Jaialdia garagarrilaren 21etik abuztuaren 6ra egingo da, artista gazteak eta artista beteranoak tartean dirala, Nafarroako konpainien ordezkaritza zabal bategaz batera.
Erriberriko Jaialdiak, danetara, 39 saio eta 22 ikuskizun programau ditu, horreetatik 13 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendutakoak. Zortzi Nafarroako konpainietakoak dira, nazinoartekoak bi eta inklusiboa eta euskeraz bana. Oraingoan, programazinoa Tafallara, Beirera eta, lehenengo aldiz, San Martin Unxera zabalduko da. Zuzeneko ikuskizun horreez gan, Erriberrik sormen-egoitza bi, hiru prestakuntza-lantegi eta hiru topaketa jasoko ditu artistakaz eta kazetariakaz, baita Nafarroako konpainiakaz be.
Lehiaketeak espazio gehiago izango ditu, besteak beste, Errege Jauregiko sarrerako patioa eta Erriberriko La Rueda plazea edo Beireko Udaletxeko plazea; horreez gan, La Cava, Erriberriko Jauregia, Enozentrum (lehen Turismo Bulegoa - Ardao Museoa esaten jakon), Teobaldoen plazea, Karlos III.a Noblearen plazea, Erriberriko Kultur Etxea, Frantziskotarren Eskola Zaharra, Tafalla Kulturgunea Kultur Etxea eta Beireko Ezpeleta Jauregia be ezin ahaztui. Holan, jaialdia Nafarroako lurraldera zabaltzearen aldeko jarrereari eutsi deutse.
Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak, Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya lehiaketako arte-zuzendariek eta Lorenzo Garcia Echegoyen Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu dabe Erriberriko 24. Jaialdiaren programazinoa.
Esnaolak azpimarratu dauenez, jaialdia askotarikoa da formatu, estilo, personaia, hizkuntza eta espazioei jagokenez eta espero dogu modu batera edo bestera nafar herritarrek eta garagarrilean bisitan etorriko diranek aukerea izango dabela kulturaz gozetako, programazino-proposamena garaikidea da, anitza, sorkuntzaeren jokera guztiak barrunatuko dituena eta emakumeen eragina nabarmen balioetsiko dauena.
Pikazak eta Goiricelayak aurtengo programazinoa aletu dabe. Hareen eretxiz, belaunaldi guztiei, publiko guztiei eta gure mundua astintzen daben arazo guztiei begiratzen deutse. Nafarroako eszenea jagoten eta bultzatzen dauen jaialdia da, Espainiako zein nazinoarteko jaialdi handien arteko bide ausartari jarraitzen deutsena. Bardintasuna sustatu eta inklusinoari eutsiz jaialdi parekidea eta feministea da, normaltasunetik desbardintasunaren balio artistikoa aldarrikatzen dauena. Aniztasunaren eta askatasunaren etxea.
Aurtengo kartelaren egileak, Marisa Mantxolak, ez dau modu presentzialean parte hartu jaialdiaren aurkezpenean, baina bideo bat proiektau dabe eta hor artisteak ondokoa azaldu dau: Collagearen teknikeagaz egindako ilustrazinoa antzerkiaren agertokian inspirauta dago, obrearen eta publikoaren arteko topaleku eta topagune lez. Espazio horrek antzezpena eregiten parte hartzen daben pertsona guztien lana batzen dau, aurrean eta atzean dagozanak, alkarregaz eta helburu berari eutsiz lan egiten daben lankideak.
Sarrerak
Bagilaren 9tik aurera egongo dira salgai www.festivalteatroolite.com eta www.baluarte.com. Era berean, aurrez aurre, Baluarteko txarteldegian jaso ahal izango dira, bagilaren 9tik garagarrilaren 5era, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik zapatura. Garagarrilaren 6tik 16ra txarteldegia zarratuta egongo da. Garagarrilaren 17tik abuztuaren 5era, sarrerak 11:00etatik 14:00etara jaso ahal izango dira, astelehenetik zapatura.
Aurten, barrikuntzea da La Morea merkataritza-gunean erosi ahal izango dirala sarrerak, izan be, zabalik egongo da asteko egun guztietan (domeka eta jaiegunetan izan ezik) 09:30etik 21:30era, etenik bako ordutegian.
Erriberrin, bagilaren 9tik aurrera eskuratu ahal izango dira, astegoienetan eta jaialdian zehar; Enozentrum-en (Teobaldoen plaza, 4 - Erriberri), 17:00etatik 19:00retara barikuetan, 10:00etatik 14:00etara zapatu eta domeketan eta 19:00retatik 22:00etara ikuskizun egunetan.
Tafalla Kulturgunean programautako obretarako sarrerak Tafalla Kulturguneko leihatilan eta online salduko dira bihartik aurrera. Carla Roviraren Exit through the gift shop lanak 3 €-ko prezio bakarra dau eta La Trapecionista obreak eta Sexpiertosek, barriz, 8 €-koa.
Beireko Ezpeleta Jauregian sarrera doban izango da lekua bete arte.
La Cavan programautako ikuskizunetarako txarteldegiko eta online sarreren prezioa 18 € da (10 € gazte-txartelagaz). La Cavako 12 emonaldietarako abonu osoak 190 € balio dau (100 € gazte-txartelagaz). La Cavan hiru emaoalditarako abonuak aukeran (edozein egunetan) 50 € balio dau (25 € gazte-txartelagaz).
Horreez gan, Erriberriko Antzerki Jaialdiak zortzi jarleku erreserbau ditu La Cavako emonaldi bakotxeko, mobikortasun murriztua daben personentzat. Leku horreetan interesa dabenek Baluarteko eta Erriberriko txarteldegian erosi beharko dabe sarrerea edo 948 066 060 telefonora deituta (gehienez leku bi erosketa bakotxeko).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!