'Martxanterak', Bizkaiko personaia herrikoiei buruzko Ipuinak saileko zazpigarren liburua
2023-06-05 13:09 KultureaMarta Goikoetxea eta Iñaki Landa dira egileak.
Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen dauen Ipuinak bildumako zazpigarren liburukiaren izenburua Martxanterak da. Euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratzen da albuma eta ipuinek Lurraldeko personaiak beste modu batean erakusten ditue, hurrekotasunari eutsiz, publiko gazteari zuzenduta. Bizkaiko udalerrietako personaia ezagun, tradizional edo folkloriko bereizgarrienetako batzuk Bizkaiko jenteari eta Lurraldea bisitetan eben personei hurreratzeko asmoz.
Liburu honek modu erakargarrian emakume nekaezin batzuk erakusten ditu, Durangoko Santa Maria eleizpearen babesean euren bizitzako gorabeherak, bai neguan, bai udan, umeen eta ez hain umeen gustuko produktuak saltzen. Martxanterek, egunero, gozokiak, jostailuak eta litxarreriak saltzen zituen postu ibiltarietan, goizean goizetik hasita.
Alaia eta bere familia dira saltzaile hareen lan nekeza omendu nahi dauen kontakizun honen protagonistak. Amaren urtebetetze egunean neskatoak oraindino ez dau opari egokia topau eta Boniren laguntzea oinarrizkoa izango da. Durangoko azken martxanterak edozein helburu lortzeko pazientzia eta iraunkortasuna ezinbestekoak dirala erakutsiko deutso. Neskatoak diaboloagaz olgetan dauen bitartean ikasiko ditu ikasgai horreek.
Martxanterak argitalpenak bat egiten dau Bizkaiko Foru Aldundiak urtero argitaratzen dituan beste sei album ilustratuakaz: Lehenengoa 2017an argitaratu eben, Mikel Gil Sojok idatzi eta Andrea Alonso Vargasek ilustrau eban. Ondoren, Idoia Barrondo idazlearen eta Nuria Hache ilustratzailearen Marijaia etorri ziran. Ipuinak bildumako hirugarren izenburua Erraldoiak izan zen eta egileak Begoña Elorrieta eta Alex Orbe izan ziren. Eskarabillera Andoni Abenójarrek idatzi eta Eider Eibarrek ilustrautako istorio baten protagonista izan zan. Bosgarren liburua, Sardinerak izenekoa, Gotzone Butronek idatzi eta Kike Infamek ilustrau eban. Igaz Bizkaiko Foru Aldundiak seigarren liburua argitaratu eban, SuperZirgariak, Itziar Minguez Arnáizek idatzia eta Gastónek ilustrautakoa.
Martxanterak liburuaren egileak Marta Goikoetxea idazlea eta Iñaki Landa ilustratzailea izan dira eta bagilaren 9an aurkeztuko dabe liburua, 12:00etan, Bilboko Liburu Azokan.
Ipuinak bildumea salgai dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Argitalpen Dendan (Diputazinoa 7) eta online www.bizkaia.eus/argitalpenak webgunean.
Martxanterak-en idazlea eta ilustratzailea
Marta Goikoetxea (Amorebieta-Etxano, 1983)
Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna, hainbat komunikabidetan idatzi dau baina gaur egun euskerea erakusten dabil. Bere euskerazko mikro-ipuinak Barakaldoko urteroko lehiaketan sarituak izan dira (finalistea 2022an eta 2. akzesita 2023an) eta bere Pétalos rotos ipuina Euskal Trenbide Sarea (ETS) literatur lehiaketan hautatua izan zan 2016an.
Iñaki Landa Fuentes (Portugalete, 1981)
Hainbat aldizkari, egunkari eta editorialetan ibili da ilustratzaile. Joan Espasaren Tiempo Muerto, Harkaitz Canoren Kandelikara eta Miren Agur Meaberen Elurraren promesa liburuak be ilustrau ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!