Andoni Agirrezabalak Zazpi Kale Saria irabazi dau Bilboko Liburu Azokan

Bizkaie! 2023-06-02 07:55   Kulturea

Agirrezabalak bere lehenengo liburua aurkeztu dau: Etxe berdea.

Asier Muniategi eta Andoni Agirrezabala Izagirre | Ikusi handiago | Argazki originala

Erein argitaletxean editore dabilen Uxue Razquin harrituta geratu zan Etxe berdea irakurri ebanean, gazte batek idatzitako estreineko lana zala jakinda. Argitaratzekoa, duda barik. Holan kontau dau Razquinek gaur eguerdian 2023ko Bilboko Liburu Azokan Andoni Agirrezabala alegitarrari Zazpi Kale Saria emoteko ekitaldian. Etxe berdea misteriozko eleberriak ondo merezidu izan dau literaturan gazte talentu barriak saritzen dituan aitatu Zazpi Kale Sariak.

Liburua, laburbatuz, irakurleari erakusten jakon dokumentu luze bat da eta hor herri txiki batean izan dan eta ikertzen dabizan jazoera trajiko baten inguruko testigantzak agertzen dira, bata bestearen atzean, bakotxa lekuko batena, danak, beraz, ahots eta ikuspuntu edo eretxi  ezbardinekoak... Eta izen barik! Auskalo nork deutson hori, nork bestea. Batek jakin zelan jazo zan.

Teknika aldetik konplexua eta primerakoa, sano deigarria opera prima bat izateko, zeozelako buru-hausgarria, puzlea ei da Etxe berdea, irakurleari inbestigazinoan parte hartzeko konbita egiten deutsona.

Sobrenaturalismoak be protagonismo handia dauka Andoni Agirrezabalaren lehenengoa dan eta erantzun bikaina izan dauen eleberri honetan. Normala, sobrenaturalismoa, herri txiki batean, Euskal Herrian zein edonon.

Andoni Agirrezabala Izagirre

Biologia ikasi eban Euskal Herriko Unibersidadean eta irakasle izateko tretatzen dabil. Unibersidade sasoian, hain zuzen, Bilbon igarotako urteetan, hurreratu zan literaturearen mundura; ordutik idazten dau. Eta, begibistan dagoanez, oso ondo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu