Elhuyar Zientzia Azokeak 700 gazte batuko ditu

Bizkaie! 2023-05-30 12:45   Kulturea

Bilboko Arenalean ikasturtean egindako 200 STEAM proiektuak erakutsiko ditue.

Aurten, Elhuyar Zientzia Azokea bagilaren 2tik 4ra izango da Bilboko Arenalean eta 60 ikastetxetako 700 gaztek hartuko dabe parte; ganera, 200 proiektutik gora egongo dira ikusgai.

Azokako hiru egunetan, 12-18 urteko gazteek ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko ditue. Bagilaren 2an, Batxilergoko eta DBH 3 eta 4ko ikasleen 105 proiektu egongo dira ikusgai; zapatuan, bagilaren 3an, DBH 3 eta 4ko 54 proiektu eta bagilaren 4an, DBH 1 eta 2ko 48 proiektu.

Danetara, 700 gaztek hartuko dabe parte aurtengo azokako hiru egunetan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gan, Espainiako eta nazinoarteko azoketako saridunak be izango dira: Italiatik eta Kataluniatik etorritako talde bana eta Galiziatik etorritako beste bost talde.

Hiru egun horreetan, ikertzaileak be izango ditugu Arenalean, gazteen proiektuak baloretan eta, datu guztiak jasota, sari-banaketea domekan bertan egingo da, bagilaren 4an, eguerdi-partean, 13:30ean; hiru egunetan saritutakoak batuko dira sari-banaketearen ekitaldian eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak be izango ditugu sariak emoten, Kutxa Fundazinoa, EHU, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdea, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea, Bilboko Udala eta Elhuyar.

Elhuyar Zientzia Azokearen helburua gazteen artean zientziagazko zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da eta ez bakarrik Arenalean egiten dan azoka honetan, baita urtean zehar be. Aurten, hain zuzen, 1.450 gaztek parte hartu dabe (horreetatik % 52 neskak, % 45 mutilak eta % 3 ez-bitarrak), eta 79 ikastetxek.

2013an lehen edizinoa egin zanetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko 7.400 gaztek hartu dabe parte Elhuyar Zientzia Azokan. Danetara, 2.200 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira eta, horreetatik, 970 lan inguru aurkeztu dira Bilbon egiten dan Elhuyar Zientzia Azokan.

Elhuyarrek atondutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen, Kutxa Fundazinoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntzea jasoten dau.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu