La Fundición Aretoan LGTBIQ+ ikuskizunak izango dira bagilean

Bizkaie! 2023-05-30 12:13   Kulturea

Garagarrilean zarratuko da denporaldia, Fran Pereak zuzendutako bakarrizketeagaz.

Pablo Piñeiro © Sonia Gila | Ikusi handiago | Argazki originala

La Fundición Aretoak bagileko programazinoa LGTBIQ+ ikuskizunei eskaintzea erabagi dau. Holan, munduak E-28 ospatzen dauen hilebete honetan, arauaren barruan sartzen ez diran identidadeak protagonista dituan pieza bi programauko ditu:

Bagilaren 3an eta 4an, Andaluziako Viviseccionados konpainiak Los planes de Dios antzezlana estreinauko dau Euskadin. Protagonista bakarreko jantza-antzerki ikuskizuna da (José Andrés López da zuzendaria, egilea eta antzezlea) eta Carlos Gorbe (Tiananmen) soinu-artistearen zuzeneko musika elektroniko-akustikoa izango dau lagun eszenatokian. Madrilgo Festival de Otoño konpainiak produzidu dau eta obreak testua, mobimentua, musikea eta ikus-entzunezkoa buztartzen ditu, zapaldutako eta isolatutako gizon autoritarioak munduaren kontra egiten dauen matxinadaz jarduteko.

Hilaren 30ean, Deustuko aretoa lankidetzan ibiliko da Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiagaz (aurten bagilean egingo da lehen aldiz) eta Identitarteak obrea eskainiko dau. 25 urteko ibilbidearen ondoren, Gilkitxaro euskal konpainiak komediaren, euskerearen eta publikoagaz etenbako alkarrizketan dagoan antzerki-jokoaren alde egiten jarraitzen dau, kabaretaren oinarriak ardatz hartuta. Kasu honetan, Ane Zabala eta Galder Perez dira Lutxo Egiaren testua antzezten dabenak eta Aitor García de Vicuña (Gartxito) musikaria izango dabe lagun eszenatokian. Identitarteak lanak testu-antzerkia, soinuaren esperimentazinoa eta konpainiaren eretxiz performance ikutuak nahasten ditu.

Antzerki-denporaldia zarratzeko, garagarrilaren hasieran (1ean eta 2an), La Fundición Aretoak stand-up comedy modalidadeari zabalduko deutsoz ateak. 37 urtez lengoaia eszeniko barriei edegita egon ostean, jantza garaikideari, Bilboko aretoak umorezko bakarrizketa baten alde egin dau 2023an udearen etorrerea ospatzeko. Lo positivo de fracasar en el amor Pablo Piñeiro ezagunak interpretautako eta bere bigarren liburuan (izen berekoa, 2020an argitaratua) oinarritutako piezea da. Kirolari profesional ohia da (atletismoa, eskubaloia, futbola...) eta 34 urteko galiziar gazte honek TED berbaldi bat emon eban 2017an maitasun-hartu-emonei buruz. Birala egin zan eta miloe bat erreprodukzino baino gehiago izan zituan. Orain, Lo positivo de fracasar en el amor ikuskizunean, umoreari euitsiz, artisteak dinoan moduan, gazte emozionalki analfabetoa izatetik, komunikabide batzuk dinoen moduan, maitasunaren guru bihurtu arte egindako berreregite-lana azaltzen dau. Fran Perea Malagako aktore, abeslari eta produktore ezagunak zuzentzen dau.

Hiru ikuskizunetarako sarrerak salgai dagoz online Kutxabanken sarean eta aretoko txarteldegian. Los planes de Dios eta Identitarteak ikuskizunetarako prezioa 14 eurokoa da (+ gastuak), baina 7 euroko (+ gastuak) eskaintza berezia dago online saldutako lehenengoentzat. Lo positivo de fracasar en el amor ikuskizunaren kasuan, prezioa 16 eurokoa (+ gastuak) da eta online sustapena 14 eurokoa (+ gastuak) (kopuru mugatu batentzat). Ganera, kargu osogarririk barik eta antzerki-denporaldi honetan La Fundición Aretoan ohiko bihurtzen dagoan moduan, emonaldiaren ondoren, ikusleek garagardao-botilak izango ditue eskuragarri, Bilboko Oro markearen alkarlanari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu