Udako IV. Ikastaroak, 2023ko garagarrilaren 5, 6 eta 7an

Bizkaie! 2023-05-29 13:28   Kulturea

Bitxikeriak eta gauza miresgarriak. Arteari eta bildumazaletasunari buruz.

Bitxikerien edo mirarien kabinete errenazentistetan nahiz museo garaikideetan, besteak beste, zenbait estrategiaren saiakuntzak egin dira, jakintzearen eta artearen objektuak batu, jagon eta miresteko. Gortearen mezenasgoaren ostean, burgesiaren eta Estaduaren bildumazaletasunaren jazoera ahaltsua agertu zan eta, gero, merkatuko ondasun bihurtu zan artea.

Bitxikeriak eta gauza miresgarriak. Arteari eta bildumazaletasunari buruz izenburupean, Bilboko Arte Eder Museoak eta Gondra Barandiarán Fundazinoak atondutako Udako IV. Ikastaroan, artelanak bilduma legez ezagutzen ditugun multzo ezaguterrazetan batzeko eta sailkatzeko orduan dagoan interes personalari eta erantzukizun pribatu edo publikoari buruz hausnartuko da.

Jarduera hori eta artean nahiz oroimenean edo gomutan dituan ondorioak ulertzeko asmoz, garagarrilaren 5ean, 6an eta 7an egingo diran 13 saioetan, mundu zabaleko museo eta bildumetako arduradunak batuko dira, baita arlo horretako beste aditu ospetsu batzuk be.

Ikastaroan, zenbait azterketa-kasu izango dira berbagai eta, hasteko, bagilaren 28an edegi eta bertako Leticia Ruiz zuzendariak aurkeztuko dauen Errege Bildumen Galeria (Madril) aztertuko da. Era berean, publiko bihurtzen diran ekimen pribatuen adibide bereizgarriak be izango dira aztergai, honako persona ospetsu honeetan jatorria daben museoak, fundazinoak eta artxiboak, besteak beste, Archer Huntington, Solomon Guggenheim (New York eta Bilbo), Calouste Gulbenkian (Lisboa), Juan March (Madril, Palma eta Cuenca) edo/eta José María Lafuente (Santander). Bestetik, artisten legatuak Fundació Joan Miróren (Bartzelona) kasu paradigmatikoan egongo dira ordezkatuta eta, alderdi korporatiboak, ostera, Iberdrola eta Sorigué bildumak izango ditu adierazgarri. Era berean, antikuarioen zeregina be izango da aztergai Caylus galeriaren bidez (Madril) eta generoa, dekolonialtasuna nahiz dibersidadeak kontuan hartzen dituen proposamenak jorratuko dira Estrella de Diegoren eskutik. MACBAko eta Bilbo0ko Arte Eder Museoko bildumak, ostera, bildumak ikusteko eta aurkezteko modu barriaren adibide izango dira. Azkenik, Miguel Zugazak, museoaren zuzendariak eta Vicente Todolík, Pirelli Hangar Bicoccako (Milan) zuzendari artistikoak, ikastaroari amaierea emongo deutson barriketaldia izango dabe.

Aurten, Iberdrola Torreko auditoriumean (Euskadi plaza 5, Bilbo) egingo da ikastaroa eta, horrezaz gan, streaming bidezko matrikulazino-modalidade barria eskainiko da. Gondra Barandiarán Fundazinoak doako asistentziarako 20 beka eskainiko ditu 35 urtetik beherako gazte profesionalentzat, betibe, ikastaroko edukiakaz lotutako goi-mailako titulazinoa badabe.

Bestetik, Deustuko Unibersidadeak asistentziaren ziurtagiria egingo dau; eta, oinarrietan adierazoten dan lez eskatzen dabenentzat, ziurtagiri akademikoa (2 ects kreditu).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu