ACT Festivalean DelRevés Jantza Bertikal Konpainiak 'Finale' ikuskizuna eskainiko dau

Bizkaie! 2023-05-26 12:01   Kulturea

Ikuskizuna Bizkaia Aretoan gozau ahal izango da bagilaren 1ean, 20:00etan.

XX. ACT Festivala maiatzaren 31tik bagilaren 3ra arte izango da eta makinatxu bat ikuskizun, ikastaro, tailer edo gogoeta ekarriko ditu Bilbo eta Barakaldoko hainbat agertokitan.

Bilboko Udalak ACT Festivalagaz alkarlanean dabil DelRevés jantza bertikaleko konpainiaren ikuskizuna ekarteko; hitzordua bagilaren 1ean, eguenean, izango da Bizkaia Aretoan 20:00etan.

Maiatzaren 31tik bagilaren 3ra publikoak arte biziak esperimentau daizala gura dau.

Finale jantza klasikoko pieza bat da, arkitektura mobimentuaren euskarri lez erabilten dauena. Finale obran espazio eszeniko barri batean jantza klasikoaz gozetako aukerea eskaintzen deutso ikusleari, testuingurutik kanpo itxita, ballet bat uriko fatxada batera edo espazio natural batera eroanez. Publikoak identifikauko dituan pieza klasiko ospetsuak erreproduziduten ditu, besteak beste, El lago de los cisnes, El cascanueces eta Giselle balletetako elementuak batuz.

Delrevés jantza bertikaleko konpainia da, Bartzelonan sortu eben Saioa Fernandezek eta Eduardo Torresek eta 2007. urtearen erdialdean ekin eutsonn ibilbide artistikoari. Hamabost urte honeetan zehar, nazinoarteko ibilbide sendoa egin dau, mundu osoan zehar bere lana erakutsiz. Jantza bertikalaren diziplinaren ikuspegi barri bat emonez, Delrevés lengoaia propio eta barritzaile baten sortzailea da.

Ekitaldia sarrera librekoa da eta publiko guztiarentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu