Euskal kulturea sustatzeko master barria aurkeztu dau Mondragon Unibersidadeak
2023-05-26 08:34 KultureaUEU eta Eusko Ikaskuntza erakunde kolaboratzaileakaz batera.
Eskoriatzako campusean aurkeztu dabe 2023ko urrian Mondragon Unibersidadeak martxan jarriko dauen Euskal Kulturearen eragiletzan master barria. Bertan izan dira Nagore Ipiña, Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoa, Eneko Bidegain Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko irakasle, ikertzaile eta masterreko koordinatzailea eta masterrean parte hartuko daben eta babestuko daben erakunde bietako ordezkariak: Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako burua.
Masterraren aurkezpen ekitaldia erabili dabe UEU eta Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeen arteko alkarlanerako hitzarmena sinatzeko eta Eusko Ikaskuntza eta Fakultadearen artean indarrean dagoan hitzarmena berresteko.
Nagore Ipiña Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoak eskertu egin dau UEU eta Eusko Ikaskuntzearen babesa.
Eneko Bidegain masterreko koordinatzaileak azpimarratu dau euskal kulturgintza eta eragiletzan sakontzeko dagoan preminea. Bidegainen esanetan, euskerearen bizibarritzea ez dago hizkuntza konpetentzia linguistiko edo instrumental baten esku, hizkuntza komunidade baten ardatza be badalako eta kulturea dalako ardatz horren euskarria. Euskal kulturearen tramsmisinoa eta Euskal Herriak euskal kulturea bizitea helburu, euskal kulturearen eragileak prestatzea estrategikotzat jo dau Bidegainek eta, esan dauenez, urrats estrategiko horretan laguntzera dator masterra.
Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak gaineratu dau euskal kulturea izanik masterraren objektua bete-betean datorrela UEUren izakereagaz, erakundea hasieratik herrigintzan eta euskalgintzan kokatu dalako eta azpimarratu dau master honek balio leikela euskal kulturea zabalduko daben eragileak trebatzeko.
Eusko Ikaskuntzako buru Ana Urkizak nabarmendu dau euskal kulturearen transmisinoa sustatzeak guztiz bat egiten dauela Eusko Ikaskuntzaren lan-ardatzakaz. Urkizaren esanetan, Eusko Ikaskuntzak hainbat modutan egingo deutso ekarpena masterrari: Lurraldetasun ikuspegia eskainiz, Eusko Ikaskuntzan egiten diran askotariko proiektuen emoitzak eskura jarriz zein kontrasterako erabiliz eta Master Amaierako Lanak egiteko aukerea eskainiz.
Amaitzeko, Eneko Bidegainek adierazo dau aurkezpenean izandako UEU eta Eusko Ikaskuntza erakundeakaz batera, Euskal kulturearen eragiletzan masterrean parte hartuko dauela Renoko Unibersidadeko Center for Basque Studies-ek.
Masterraren bultzatzaileen eretxiz, euskal kultureak maila askotako desafioak bizi ditu eta horreei erantzuteko kapaz izango diran eragileak trebatzea beharrezkoa da. Horregaitik, kutur eragileen harrobia prestatzea da masterraren helburua. Eragile profesional horreek jardungo dabe hezkuntza arautuan eta ez-arautuan nahiz udaletako edota beste erakunde publiko batzuetako kultura-arloetan.
Titulu barri hau zuzenduta dago arlo askotako graduatuentzat, baina aproposa da honako ikasketak dituenetzat: Lehen Hezkuntzako eta Ume Hezkuntzako graduak, komunikazinoagaz lotutako graduak (Ikus-entzunezko Komunikazinoa, Kazetaritzea, Publizidadea…), giza eta gizarte zientziak, euskal ikasketak, itzulpengintzea, zuzenbidea… Halan da be, atontzaileek azpimarratu nahi izan dabe ez dala master zarratu bat eta edegita dagoala euskal kulturan eragiteko interesa dauen edozein gradudunentzat.
Masterreko gaiak sakon landuta eta metodologia aktiboak erabilita, euskal kulturearen galdegai eta problematikei heltzera dator masterra. Masterrak hiru oinarri orokor izango ditu:
1. Kutur eragiletzea eta transmisinoa hezkuntzan.
2. Kultur eragiletzea; Euskal Herriaren antolakuntzea eta artikulazinoa.
3. Ikerketa-proiektua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emondako dirulaguntzeari esker, masterrak 4.800 €-ko prezioa dau. Ganera, parte-hartzaileek FUNDAEren % 100eko hobaria jaso leikie. Izen-emoteari jagokonez, martiaren 1etik aurrera dago zabalik eta online be egin daiteke: online inskripzinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!