Uribe Kostako Mankomunidadeak #nikbereiztendut izeneko kanpainea jarriko dau martxan
2023-05-24 11:06 KultureaEskualdeko herritarrak ingurunea jagotearen garrantziaz jaubetzea da asmoa.
Sortzen ditugun hondakinetan oinarritutako lehiaketea izango da eta gaia hondakinen prebentzinoari eta ingurumenaren babesari eta birziklapenari buruzkoa izango da (organikoa bereiztea eta birziklatzea, erabilera bakarreko materialak ez erabiltea, gitxieneko zaborra sortzea...).
Lehiaketan parte hartu nahi dabenek Facebook, Instagram eta/edo Twitterren hondakinen prebentzinoagaz edo birziklapenagaz lotutako argazki edo bideo laburrak (30 segundo gehienez) konpartidu beharko ditue, #UribeKostakbirziklatzendu eta #nikbereiztendut hashtagak erabiliz. Lehiaketan parte hartzeko epea 2023ko maiatzaren 29tik bagilaren 11ra egongo da zabalik, baita egun bi horreetan be.
Era berean, beharrezkoa izango da Uribe Kostako Mankomunidadearen profila gitxienez parte hartzen dan sare sozialean jarraitzea eta argitalpen horretan berau aitatu edo etiketetea.
Irabazle bi egongo dira, bat argazkiak bialtzen dituenen artean eta bestea bideoak bialtzen dituenen artean. Irabazle bakotxak produktu jasangarrien saski bat eskuratuko dau. Argazki eta bideo irabazleak 2023ko bagilaren 15ean jakinarazoko dira. Lehiaketearen informazino gehiago www.uribekosta.eus webgunean argitaratutako oinarrietan dago eskuragai.
Lehiaketa horrezaz gan, Aste Berdearen harian atondutako ekitaldien artean, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunidadeak bigarren kanpaina bat aktibauko dau, zazpi udalerri mankomunatuetan informazino-guneak jarriz, herritarrak hondakinak bereiztearen garrantziaz kontzientzietako eta, ondoren, edukiontzi egokietan itxi deiezan.
Puntu horreetan hezitzaileak egongo dira eta gaiari buruzko informazinoa zabaldu eta auzotarren dudak argituko ditue. Era berean, inkesta bat egingo dabe auzoko puntu baltzak eta arazoak identifiketako eta hareen eretxiak eta iradokizunak jasoko ditue.
Kanpainea bagilaren 1ean hasiko da Plentzian eta bagilaren 10ean amaituko da Barrikan. Ondokoak 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era bisitau ahal izango dira:
• Bagilak 1: Plentzia (Astillero plazea).
• Bagilak 2: Sopela (Urgitxieta plazea).
• Bagilak 3: Lemoiz (Armintzako portuaren inguruan).
• Bagilak 5: Berango (Berangoetako plazea).
• Bagilak 8: Gorliz (Udaletxeko plazea).
• Bagilak 9: Urduliz (Antsonekoa plazea).
• Bagilak 10: Barrika (Frontoiaren inguruan).
Egun horreetan, herritarrek hainbat karakterizazino-jardueratan parte hartu ahal izango dabe 17:30etik 18:30era. Karakterizazino horreen bidez, errefusatzat jasoten danaren zer zati birziklau daitekeen aztertu nahi da. Karakterizazinoak egiterakoan, teknikari bi egongo dira, datuak hartzeaz eta hondakinak sailkatzeaz arduratuko diranak. Karakterizau beharreko lagina hartu ondoren, poltsa guztiak edegi eta edukia6 koloretako edukiontzietan sailkatuko dabe. Karakterizazinoa amaitu ondoren, lortutako datuak erakutsiko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!