Daniel Lismore, Paco Clavel eta Bizkaiko modearen profesionalak La Encartada Moda 2023an izango dira

Bizkaie! 2023-05-23 12:52   Kulturea

Moda jasangarria ardatz hartuta dator.

Bagilaren 9an eta 10ean la Encartada Modea bueltauko da, mende bat baino gehiagoko historia dauen makineria bere horretan gordeten dauen industria-ondarearen erreferentziazko lekuan, La Encartada Fabrika Museoan, bertoko, estaduko eta nazinoarteko diseinuan entzutetsuak diran profesionalak erakarteagaitik eta desfileak, erakusketak, proiekzinoak eta tailerrak egiteagaitik nabarmentzen dan ekitaldian.

Aurten, La Encartada Modak upcycling-ean jarriko dau arretea eta Bizkaiko diseinatzaileen desfileak eskainiko ditu, Leire Rodriguez, Rovel bere firmeagaz, Pablo Gangoiti, Aiza Couture eta Álvaro Valcárcel; era berean bertan egongo dira Daniel Lismore nazinoarteko artistea, Krizia Robustella diseinatzailea, Margil Peña eta Ana Viglioneren Reparto markea. Paco Clavelek musikea jarri dau bagilaren 10ean jardunaldiari amaierea emoteko.

Programazioa www.laencartadamoda.eus webgunean konsultau daiteke eta ekitaldira joateko aldez aurretik izena emon behar da. Jarduera guztiak doban dira. Autobusak jarriko dira Bilbotik eta Balmasedatik La Encartada Modara joateko.

Lorea Bilboa, Alberto Etxebarrieta, Olatz Pereda eta Adele Orcajada izan dira aurkezpen ekitaldian; Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean, Alberto Sinpatron da koordinatzailea. Ekitaldi honen ardatza moda jasangarria da eta programazinoan desfileak, erakusketak, proiekzinoak eta Basque BioDesign Centerrek emongo dituan tailerrak izango dira oinarri.

2023ko La Encartada Modan sei desfile izango dira eta desfilotan Pablo Gangoiti Berrizbeitia, Aiza Couture, Rovel, Krizia Robustella, Álvaro Valcárcel edo Repartoren diseinuak ikusi ahal izango dira. Industria-ondarearen erreferente izatea ezaugarri dauen pasarelea da eta modeloek La Encartada Fabrika Museoan mende bat baino gehiagoko historia dauen makineriaren inguruan desfilauko dabe.

Modearen jardunaldi biek upcycling tailerrak be eskainiko ditue, hondakin industrialez egingo dan eskuko poltsak egiten ikasiz (Sin Perperdicio-ko, Emaús Fundación Social, Iban Bujánek emongo dau tailerra); era berean, tailerrotan erabili, janzten ditugun eta daukaguzan gauzak egiteko prozesuakaz barriro konektetako aukerea izango da, horren balioa ulertzeko, kasu honetan Therapy Recycle-ko Mariángeles Aguirreren eskutik. Ganera, Basque BioDesign Centerreko Adele Orcajada, Olatz Pereda eta Eduardo Loretoren eskutik biomaterialen, ehungintzako hondakinen, egitura modularren eta egitura infinituen tailerrak eskainiko dira.

Aldi berean, modearen ekitaldi honetara bertaratzen diran personek Aiza Couture ehun-instalazinoaz eta El Cruce entre Upcycling y Biodiseño: 5 técnicas Clave - Upcycling eta Biodiseinuaren arteko bidegurutzea: 5 teknika giltzarri erakusketaz gozau ahal izango dabe Basque BioDesign Centerren eskutik. Erakusketa honetan upcycling teknikak erakutsiko dira bisitariek ulertu deien zelan emon geinkion beste erabilpen bat dagoeneko erabili nahi ez ditugun jantziei biodiseinu-prozesuak erabiliz (ikusi daitekezan adabakiak, Patchworka, kustomizazino digitala, Bio kustomizazinoa, mizelio-parpailea, kristalizazinoa eta Zero Waste lako teknikak).

La Encartada Modan biodiseinuari eta 80 eta 90eko hamarkadetako Paco Claveli buruzko proiekzinoak eskainiko dira,

Horrezaz gan, mahai-inguru bat egingo da barikuan Upcyling & Recyclinga Moda Jasangarri baterantz gaiari buruz; hizlariak Therapy Recycle and exorcise-ren sortzaileetakoa dan Maríangeles Aguirre, Iban Bujan (Sin Desperdicio, Emaus Gizarte Fundazinoa) eta Mari Luz Ferro (Kooperako koordinatzaile nagusia) izango dira. Recyclingean ez bezela, upcyclinga sormenean oinarritutako birziklatze-prozesua da eta bertan forma edo erabilera barria emoten jake daborduko erabilten ez diran eta segurutik botateko izaten diran objektuei.

Zapatuan, barriz, topaketa bat egingo da Daniel Lismore-gaz, Londresen bizi dan queer artista britainiar ezagunagaz. Bere burua eskultura bizidun lez definiduten dau eta bere gorputza egunero sortzeko mihise lez erabilten dau.

La Encartada Moda ekitaldian edade guztietako personek gozetako aukerea izango dabe; ingurua ikusgarria da eta 22:00ak arte iraungo daben jardunaldietan jateko eta gozetako aukerea izango da. Barikuan, Felix Daniel DJak jarriko dau musikea eta Paco Clavel artista ezagunak DJ lanak egingo ditu zapatuan, bagilaren 10ean, ekitaldiari amaierea emonez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu