Santamarinazar mendian miaketa arkeologikoak egingo ditu Aranzadik maiatzaren 27an
2023-05-23 09:36 KultureaGerediaga Alkartearen enkarguz eta Elorrioko Udalaren babesari esker egingo dira.
Elorrioko lurretan, Santamarinazar mendiaren hegoaldeko magalean egingo dira miaketak, maiatzaren 27an. Santamariñazar Elgetako mendien tontorra da, Zaldibar eta Elorrio udalerrien arteko mugan. Mendiak tontor bi ditu, iparraldekoa (669 metro) kurutzeduna eta hegoaldekoa (675 metro).
Guda zibilaren sasoiko lubakiak ezagunak dira ingurunean. Ausazko aurkikuntza barri bi be egin dira bertan, Euskal Prospekzino Taldeen eskutik: bata, erromatar txanpon batzuk tontor nagusitik gertu eta, bestea, brontzezko azkora bat magalean. Hain zuzen be, aztarnategia egon daitekeela planteetako oinarria
emon dabe aurkikuntza bi horreek. Horregaitik, auzazko aurkikuntzak egon ziraneko lekuak miatuko dira.
Metaketa arkeologikoa konserbetan dan frogatu, eta holan bada, konserbazino egoerea izakerea eta kronologia zein dan aztertuko da. Holan, metaketa arkeologikoa dagoala egiaztatu ezkero, C14 bidezko datazinoak egiteko laginak jasotea aurreikusten da.
Ezer barririk topauko balitz, ganera, landa-lana amaitu ostean jasotako materialaren garbiketea, siglaketea eta inbentarioa egingo da.
Landa-lana maiatzaren 27an egingo dabe Aranzadi Zientzia Alkarteko teknikariek. Interesa dauenak lanak zer diran eta zelan egiten diran bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukerea izango dau. Horretarako, goizeko 11:30ean, Santamarinazar tontorrean (kurutzeduna) hitzordua izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!