BBK-k 'Artearen Ibilbidea' dibulgazino artistikoko programeak 4. denporaldiari ekingo deutso

Bizkaie! 2023-05-22 12:39   Kulturea

Bizkaiaren irudia erakustea izango dau helburu.

Artearen historiako hainbat garaitan 30 artistak egindako 36 lanen bitartez egingo da eta, beraz, Bizkaiari begira jarrita, lurraldearen erretratu bat marraztuko da adierazpen artistikoen bidez (32 margolan, hiru kartel, erretratu bi eta collage bat), kronologia zabalean zehar, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehenengora arte. Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasoten dabe, landa-guneak, Kantauriko kostaldea eta horko portuak (Bermeo, Elantxobe, Plentzia eta Abra, esaterako) zein Durango, Balmaseda, Gernika-Lumo, Busturialdea-Urdaibai eta bestelako udalerri eta eskualdeetako uri eta industria giroko paisajeak (Bilbao, Erandio, meatze-herriak). Era berean, Unamunok esan ebanlez, giza presentzia, herritarrak, paisajean urtzen da Bizkaiaren idiosinkrasia irudikatzen daben jardueretan: Itsasoko jentearen lana, baserritarrena eta lantokietako beharginena, prozesinoak eta mistizismoa, aisialdia erromerietan eta estropadetan, bolo-jokoa eta bertsolaritzea, kulturea eta historia. Friso zabal-zabala da, hasi Luis Pareten eszena idealizatuakaz eta Agustin Ibarrolaren salaketa politikoahaz amaitu. Proposamenaren kronologia zabal horrek aukerea emoten dau hainbat artistaren artean bakotxak euskal paisajeari eta bertako biztanleei zelan begiratu eutson ikusteko, bizi eben aldiko sormen-mobimentuei lotuta batzuetan. Bizkaiaren “album” hori Pareten maisutza rokokoagaz hasiko da, Bilboko eta Bermeoko ikuspegi delikatua ardatz hartuta. Akademizismo kostunbristeak berezko zituan ezaugarriak eta giroak agiri dira Lecuonaren eta Asartaren eszena adierazgarrietan. Guinea, Regoyos, Amarica eta Guiarden artelanetan, ostera, inpresionismoko pintzelkada soltea eta argi aldakorraren efektu atmosferikoak dira protagonista. Geometria kubistearen kutsua darie Artetaren eta Lagarren konposizinoei, bai eta, fantasian eta diseinuan iragazita, Tamayoren triptiko handiari be. Sinbolismoa aditzen da Arruetarren eta Zubiaurretarren margolanetan, Herrero eta Ucelayrenetan errealismo magikoa bezelatsu. Bitartean, erretratugintzearen eraginpekoak dira Losada, Tellaeche eta Guezalaren enkoadratzeak eta Lazkanoren uri-panorama ugaria eta eragin hori are esplizituagoa da Basilicoren eta Coboren lanetan. Azkenik, Ibarrolak Picassoren Guernicari buruz egindako trama geometrikoko mural handiak gure hurreko historiako drama beliko ikaragarria dakarsku gogora.

Artisten zerrendan (30) dagoz, gehienak euskaldunak –Madrilen jaiotako Luis Paret, (Ciudad Rodrigoko Celso Lagar eta Milaneko Gabriele Basilico izan ezik); Luis Paret (1746-1799), Antonio María Lecuona (1831-1907), Anselmo Guinea (1855-1906), Darío de Regoyos (1857-1913), Adolfo Guiard (1860-1916), Inocencio Asarta (1861-1921), Manuel Losada (1865-1949), Fernando de Amárica (1866-1956), Alberto Arrue (1878-1944), Valentín de Zubiaurre (1879-1963), Aurelio Arteta (1879-1940), Julián de Tellaeche (1884-1957), José Arrue (1885-1977), Ricardo Arrue (1889-1978), Antonio de Guezala (1889-1956), Celso Lagar (1891-1966), José Benito Bikandi (1894-1958), Juan José Landa (1898-1941), José María Ucelay (1903-1979), Nicolás Martínez Ortiz (1907-1990), José Antonio de Ormaolea (1912-1984), Roberto Rodet (1915-1989), Agustín Ibarrola (1930), Ricardo Toja (1932-2012), Mari Puri Herrero (1942), Gabriele Basilico (1944-2013), José Ramón Morquillas (1947), Daniel Tamayo (1951), Patxi Cobo (1953) eta Jesus Mari Lazkano (1960).

Artearen Ibilbidea BBK 2018tik, Artearen Ibilbidea BBK programeak Bilboko Arte Eder Museoaren bildumea bertako aretoetatik harago zabaltzen dau, kultura artistikoa herritarrei hurreratzea sustatzeko eta, aldi berean, haren ondare-aberastasuna erakusten dau. Lehen edizin bietan bildumako lan aitagarriak izan ziran jentaurrean ikusgai eta, joandako edizinoan, emakume artistek egindako lanen eta emakumeen irudia jasoten daben artelanen bilduma bat. Laugarren denporaldi honetan, Bizkaiak artean dauen irudia bihurtu da protagonista. Horretarako –BBKren eta museoaren ekimen bateratuari esker–, Artearen Ibilbideak museoaren bildumako obren kalidade handiko erreprodukzinoak jarriko ditu gune publikoetan. Horretarako maiatzetik zemendira programea Bizkaiko 28 udalerrietako udalen laguntzea izango dau; horreetako bakotxak astebetez hartuko dabe ekimen hau, topagune publiko irisgarrietan eta aire zabalean: Bilbao, Barakaldo, Muskiz, Portugalete, Trapagaran, Abanto-Zierbena (Las Carreras), Balmaseda, Getxo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika-Lumo, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Garai eta Durango.

Erreprodukzino bakotxak jagokon kuratore-iruzkina dauka, QR kode baten bitartez be lortu daitekeena eta kode horrek museoaren webgunearen barruan dagoan multzorako sarbidea emoten da (euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez). Proiektua José Luis Merino Gorospek landu dau, museoko Antxinako Artearen konserbatzaileak.

Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak izan dabe ekimen honen proposamen didaktikoa egiteko ardurea, dobako bitartekaritza-programa bat martxan jarrita; programa horren barruan, ikastetxeentzako eta kultur alkarteentzako bisita komentatuak dagoz eta orobat arretea eskainiko jake erakusketea ikusten joango diran bisitarien konsultei.

Babeslea: BBK Bilbao

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu