Milaka lagun Ondarroan ikastolak, euskerea eta euskal kulturea babesteko

Bizkaie! 2023-05-22 09:00   Kulturea

Zubi Zahar Herri Ikastoleak atondutako Ibilaldira milaka lagun hurreratu dira.



Eguraldia lagun, iragarpen ezkorrak ez dira bete eta giro ederra izan da Bizkaiko kostaldeko herri zoragarri honetan. Bizkaiko ikastolen jai handia, handia da benetan, gaur, Ondarroan. Horixe da egin geinken balorazinorik baikorrena. Desiratzen genduan eguna bete jakulako.

Giro parebakoa, bai eguraldiagaitik, baita Ondarroara heldu dan jentetzearen aldetik be. Benetan gozau dabe egun honetarako atondutako egitarauaz, gune batetik besterako ibilaldiaz, musikaz, jantzaz eta askotariko ikuskizun eta tailerrez. Txiki zein handi izan, guztiek izan dabe egun pasa zoragarria egiteko aukerea, guztiek izan dabe parte hartzeko aukerea eta danek izan dabe Bizkaiako ikastolen jai handia, euskeraz eta euskal kulturaz gozetako eta eurek hauspotzeko jaia da, ikastolen jai guztiak bezelaxe. Baina aldarrikatzeko jaiak be badira. Ikastolen eredua azpimarratu dabe bai Ibilaldia Kultur Alkarteko buru Josune Bañalesek baita Zubi Zahar ikastolako lehendakari Eider Galarragak be. Euskeran eta euskal kulturan oinarrituta, Euskal Herri luze zabalean dagoan eredua da ikastolea eta hiru oinarri horreek aldarrikatu ditue Ibilaldiaren hasierako ekitaldian: Euskerea, euskal kulturea eta Euskal Herria.

Horren erakusle dira, besteak beste, Euskal Herriko leku askotatik Ondarroara joandako artistak, bozgorailu izan diranak.

Danetara, 26 ekimen izan dira, horreetatik 18 guneetan eta beste zortzi ibiltariak. Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasleek baxoa eta brebeta euskeraz egiteko aurrera daroean burrukea be presente izan dogu, Azterketak euskaraz goiburuari eurtsiz egindako jardueran.

Eta ikasle gazteak protagonista izan dira, Erronka lehiaketearen bitartez.

Ondarroatik Getxora

Egun osoko jaia izan arren, datorren urteari begira be badago Ibilaldia eta Ibilaldiari hasierea emoteko ekitaldian bertan pasau deutso Ibilaldiaren lekukoa Zubi Zahar Herri Ikastoleak Algortako San Nikolas ikastoleari. Getxoztarrak Zubi Zahar ikastolako komunidadea bezain gogotsu ibiliko dirala adierazoi dabe 2024ko Ibilaldia atontzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu