'Murmurio' erakusketearen inaugurazinoa gaur, maiatzak 18, Okela Sormen Lantegian

Bizkaie! 2023-05-18 10:43

Beatriz Setién, David Martínez Suárez eta Sineád Spelman artisten proposamenak ikusi daitekez.

Maiatzaren 18tik bagilaren 15ra arte izango da ikusgai Okela Sormen Lantegian. Erakusketearen harian, Beatriz Setienen performancea jasoko dogu saio bitan, lehenengoa, maiatzaren 28an 12:30ean eta bigarrena, bagilaren 3an 12:30ean.

Beatriz Setién (Donostia, 1980)

Beatriz Setien artista, koreografoa eta jantzaria da. 2005ean Arte Ederretan lizentziau zan EHUn eta hortik Frantziara joan zan, jantzan trebatzeko eta lan egiteko. Artistearen ibilbideak hainbat hizkuntza eta baliabidegaz lan egiteko aukerea emoten deutso eta haren interes nagusiak pinturea, kantua eta jantza garaikidea dira, frantziarra batez be: Jerôme Bel por Jerôme Bel piezea ikusi eban Artelekun 19 urte zituala eta horri esker 80ko eta 90eko hamarkadetako jantza frantsesaren zati handi bat deskubridu eban.

Beatrizek interprete lanak be egiten ditu hainbat konpainiatan eta aitagarriena Germinal de l 'Amicale de Production piezea da, nazinoarteko jaialdietan, Singapurren, Yokohaman, Montrealen eta beste herri batzuetan birea egin dauena. Haren lanen artean honako honeek nabarmentzen dira: Sin título o ninguna lógica, a priori, determina el orígen, la naturaleza, el espesor ni la geometría (2005), Canciones para estar de acuerdo o no (2009), Beatriz canta (2010) y Bombón coreográfico (2015).


2013an, Frantzian zortzi urtez bizi ondoren, Euskal Herrira bueltau zan bizitera. Etapa horretan, arte eszenikoez gan testuak, marrazkiak eta beste formatu batzuk sortzen hasi zan, besteak beste, Guggenheim Bilbao, Tabakalera Donostia, La Poderosa-Fabra i Coats Barcelona, Le Vivat Armentières (FR), AZPI Donostia, ANTI Bilbao, Azkuna Zentroa Bilbao, ARTIUM Gasteiz, Le Regard du Cygne Paris eta bestelakoetan erakutsi ditu lanak.

2022an hasi zan yoga egiten Sadhana Donostian, Carlos Fidelek zuzenduta. Artistea, yoguini, frantseseko eta gaztelaniazko irakaslea eta belaontziko nabegatzailea da.

David Martínez Suárez (La Hueria, 1984)

Arte Ederretan lizentziaua da Euskal Herriko Unibersidadean eta master bat be egin dau bertan.

Proiektu aitagarrienak, BBVA Fundazinoaren bekea jaso dauen Mente Salvaje, Azar y Proceso Gijongo Barjola museoan edo Inercia Gijongo Laboral arte zentruan egindakoak izango geunkez. Hainbat espaziotan be erakusketak izan ditu, bakarka zein taldean, besteak beste, Bilboko Arte Eder Museoan; Bilboko Rekalde Aretoan; Gasteizko Artium Museoan; ATM Galerian; Madrilgo Moisés Pérez de Albeniz Galerian; Bilboko Carreras Múgica Galerian eta Galerie Lisi Hämmerlen, Bregenzen.

Lorea Alfaro, Manu Uranga eta Jon Otamendi artistakaz batera, MLDJ ekimena jarri eban martxan Bilboko gune batean. Martinez Suarezen lana ARCO, JustMad eta ARTbo azoketan erakutsi da.

Egoitzak hainbat erakundetan egin ditu, besteak beste, Tabakaleran, Donostian, l Estruchen, Sabadellen, Bilbaoarte Fundazinoan eta Kunsthaus Bregenzen, Austrian. 2007tik 2010era Jorge Oteizaren Calátogo Razonado de Escultura ikertzen eta argitaratzen lagundu dau. Haren bideo-lanek ikus-entzunezko emonaldietan parte hartu dabe: Nalón dokumentalaren proiekziNoa, Day of Architecture izan zan bitartean, Flemish Architecture Instituten (VAi) FLACCren bitartez, Genk, Belgika 2007an.

Sinéad Spelman (Dublin, 1978)

Sinéad Spelman Bartzelonan bizi da. Bere azken erakusketen artean dagoz Duo stand Rotterdamgo Arte Azokan (2023), Duo Stand ARCO Madriden (2022), Walking, Running, Falling Mallorcako L21 Galerian (2022), Shared Studios Bartzelonako Miró Fundazioan (2021), Venes etHall Bartzelonan (2020), Atlas New Yorkeko Broodthaers Alkartean, Sin Titulo Sabadelleko SIS Galerian (2019) eta Rest on the Flight Bartzelonako Suñol Fundazinoan (2018). Spelmanen lana arte azoketan erakutsi dabe Wopart Luganon (Suitza), Swab Barcelona, Just Madrid, Loop Fair Barcelona, Pareidolie Marseillan eta Poppositions Bruselasen. Besteak beste, Picasso Museoan, Bartzelona, Malaga eta Helsinkiko unibersidadeetan berbaldiak emoteko konbidau dabe. 2013an beka bat jaso eban PEI ikasteko MACBAn. Eina, Bartzelonan eta Galwayko Irlandako Unibersidade Nazionalean be ikasi eban. Artistearen lana Bartzelonako Arte Garaikideko Museoaren (MACBA), Kataluniako Generalitaten, Bartzelonako udaletxearen eta bilduma pribatu askoren bildumetan dago. 2009an Halfhouse (www.halfhouse.org) sortu eban Alberto Peralegaz Bartzelonan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu